Gatazken aurrean, literatura babesleku
Literaktum jaialdia aurkeztu dute astearte goizean Viktoria Eugenia antzokian. 'Letrak zeruertzean' izenburupean, askotariko jarduerak antolatu dituzte hurrengo bi asteetarako.
Hemen da, aurten ere, Literaktum letren jaialdia: hilaren 11tik 24ra, hainbat jarduera antolatu dituzte hiriko zenbait txokotan, urteroko legez, literatura haur, gazte zein helduetara hurbiltzeko helburuarekin. Letrak zeruertzean izango da aurtengo izenburua, eta “literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen harremanak” aztertuko dituzte Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak aurkezpen prentsaurrekoan azaldu duenez. “Literatura babesleku gisa ulertzen dugu”, nabarmendu du. Donostia Kultura udal erakundeak antolatzen du jaialdia, beste hainbat erakunde, enpresa eta elkarteren laguntzarekin.
Jaialdiaren aurtengo gai nagusiaren harira, idazle hauek etorriko dira: David Ucles, Eduardo Halfon, Monika Zgustova, Fermina Cañaveras, Juan Manuel Zaragoza, Javier Zamora, Sergio del Molino, Antonio Monegal eta Adania Shibli. Bestalde, beste gai batzuen inguruko liburuak argitaratu dituzten autoreek ere lekua izango dute Literaktumen: Unai Elorriaga, Sabina Urraca, Karmele Mitxelena, Maximo Huerta, Beñat Sarasola, Dolores Redondo, Fatma Aydemirre eta Carmen Mola ere jaialdian izango dira.
Horrela, hiru euskal idazlek hartuko dute parte jaialdian: Unai Elorriagak Francesco Pasqualeren bosgarren arima lanarekin, Karmele Mitxelena Zoriona edo antzeko zerbait eleberriarekin eta Beñat Sarasola Coca cola bat zurekin obrarekin. Donostiarrei dagokienez, Sarasolaz beraz gain, Dolores Redondo idazle ezagunak ere bere lekua izango du jaialdian, Las que no duermen NASH liburuarekin.
Guztira, beraz, hemezortzi elkarrizketa literario antolatu dituzte, hiriko hainbat kultur etxe, areto eta liburu dendatan; egitarau osoa eta ekitaldi bakoitzaren inguruko informazio zehatza hemen kontsultatu dezakezue. Bestalde, aurten, estreinakoz, Literaktum aperitifa antolatu dute, jaialdia hasi aurretik motorrak berotzeko. Hilaren 7an izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean, eta Martin Caparros argentinarra izango da protagonista, Antes que nada lanarekin.
Bestelako jarduerak
Elkarrizketez gain, bestelako jarduera asko antolatu dituzte aurten ere: Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariak, Literaktum Txikia, kontzertuak, erakusketak, eta abar. Hain zuzen ere, kontzertu banarekin ireki eta itxiko dute jaialdia: Mursegok joko du hilaren 15ean Ernest Lluch Kultur Etxean 19:00etan —Markos Gimenoren karteletrak erakusketarekin lotuta— eta Belar Hostoak II kontzertuak itxiko du jaialdia, hilaren 24an, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan (19:00).
Bestalde, bost erakusketa antolatu dituzte jaialdiaren bueltan: Luis Martín-Santos. Askatasun garaia San Telmo museoan, Paperezko arimadun istorioak (Mila Garcia) Aiete Kultur Etxean, Gure bazterrak (Anne Rearick) Okendo Kultur Etxean, Markos Gimenoren karteletrak Ernest Lluch Kultur Etxean eta Irabazi Arte! Etxarriene zentroan.
Era berean, Literaktum Txikiaren barruan jarduera ugari antolatu dituzte hilaren 16tik 23ra, Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zuzendari Jon Aizpuruaren hitzetan, “haurrak eta gaztetxoak literatura munduan murgiltzeko asmoz”.
Kutxa Fundazioa Donostia Literatura Sariei dagokienez, hilaren 16an banatuko dituzte, Antzoki Zaharrean (19:30). Horrez gain, irakurketa dramatizatuak, antzerkiak eta ipuin kontaketak antolatu dituzte, besteak beste: hemen daukazue egitaraua.
Bi mendeurren
Literaktumek bi mendeurren esanguratsu izango ditu hizpide aurten: Franz Kafka idazlearen heriotzarena eta Luis Martin-Santos idazlearen jaiotzarena. Lehenengoari dagokionez, hilaren 22an, Metamorfosia lan ezagunaren inguruko irrati antzerkia egingo dute Tomasene Kultur Etxean (16:00), Kafkari buruzko literatur solasaldia Gastronomiazko Euskal Anaiartean (19:30) eta afaria leku berean ondoren.
Martin-Santosi dagokionez, haren Tiempo de silencio lanaren inguruan arituko da Enrique Vila-Matas San Telmo museoan, hilaren 14ko elkarrizketan (19:00); izan ere, Vila-Matasek idatzi du liburu horren azken edizioko hitzaurrea.