Tren zerbitzu berezia eskainiko du Euskotrenek Behobia-Donostia lasterketarako
Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partidarako ere zerbitzua indartuko dute.
Euskotrenek bere tren zerbitzua indartuko du igandean, Behobia-Donostia lasterketarako. Tren zerbitzu berezia 07:15etik 15:00etara luzatuko da, eta helburu nagusia parte hartzaileak lasterketaren irteera puntura eramatea izango da. Trenez Ficoba/Irun geltokiraino iritsi ahal izango da, eta handik autobus-anezkak jarriko dituzte.
Honako zerbitzua eskainiko du Euskotrenek igandean:
E2 Lasarte/Oria – Hendaia – Lasarte/Oria
Amara/Donostia – Hendaia – Amara/Donostia tartean, hamar eta hamabost minutu arteko maiztasuna eskainiko da.
Lasarte/Oriatik trenak 30 minutuero aterako dira, eta 07:40an zerbitzu gehigarri bat egongo da.
E1 Zarautz – Amara/Donostia – Zarautz
Asteburuko maiztasuna mantenduko da, Amara/Donostiarainoko tren batekin, baina Zarauztik bi irteera berezi egingo dira (07:42 eta 08:42), bidaiariak Ficoba/Iruneraino eramateko, Amaran ohiko tren aldaketa egin beharrik gabe.
Anoetako futbol partida
Era berean, Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partidarako joan-etorriak errazteko. Partida Anoetan jokatuko da 21:00etatik aurrera. Itzulerarako, trenak eskainiko dituzte Anoetatik Hendaia, Altza, Lasarte/Oria eta Zumaiarantz.
Euskotrenek azaroaren 10ean trenez joango direnei gomendatu die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko Euskotrenen aplikazio ofizialean eta www.euskotren.eus webgunean. Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek 944-33 33 33 zenbakira deitu dezakete.