Epai batek atzera bota du Illarra eta Ereski eremuetako etxebizitzen plana
Epaiarekin erabat konforme ez egon arren, auzokideen elkartetik ez dute errekurtsorik jarriko. Udalak hilabete du kasazio errekurtsoa aurkezteko.
Justizia Auzitegi Nagusiak partzialki baliogabetu du Illarra (Ibaeta), Villa Ereski (Munto), deposituak (Munto) eta Erregenea (Igeldo) eremuen hiri antolamendurako plan orokorra. Lugaritz-Aiete Ibaeta Auzo Elkarteak errekurtsoa aurkeztu zuen, planteatutako eraikuntza berriek eremu horien “biztanle dentsitatea nabarmen handitzea” eragingo zutela argudiatuta. Azken helburua lortu ez duten arren, epaitegiek hasiera batean planteatutako etxebizitza sozialen ehunekoa handitu dute: guztira, 105 etxebizitza sozial gehiago eraiki beharko dituzte.
Bizilagunen elkarteko hiru kidek prentsa agerraldia egin dute Javier Olaberri abokatuarekin batera, sententziaren nondik norakoak azaltzeko. Olaberrik etxebizitzaren inguruko udal politiketan finkatu du arazoa, udalak esaten duena eta egiten duena ez baitatoz bat, abokatuaren hitzetan: “Donostiako Udalak etxebizitza sozialaren aldeko diskurtsoa zabaltzen du, baina aztertuz gero, bistakoa da lurzoruaren mota aldatzen saiatzen direla, edozein promotoreren antzera, udalak ere errentagarritasuna atera dezan”.
200 babestu, Illarran
Adierazpen horien ildotik azaldu dute udalak “tranpak” egin dituela Illarraren lurzoruaren sailkapena zehazterakoan: “Udalak proposatu zuen Illarra, lurzoru urbanizagarria izanik, hiri lurzorutzat hartzea, eta, horrela, %40 soilik erabiltzea babes ofizialeko etxebizitzetarako, eta ez %75”.
Ebazpenak, baina, arrazoia eman dio bizilagun taldeari, urbanizagarria dela baieztatuta eta, hala, babes publikoko 110 etxebizitza gehiago egin beharko dituzte; 200, orotara: “Legearen arabera, lurzoru urbanizagarriek eta ondoren birkalifikatuek %75a mantentzera daude behartuta. Bestela, iruzurra egingo litzaioke legediari”, zehaztu du abokatuak.
Lorategi publikoa, Villa Ereskin
Ereskiren kasua, berriz, Muntoko plan partzialean zegoen jasota. Hamabi etxebizitza zituen planak hasieran, baina ondoren egindako Plan Orokorrean, berriz, 51 planteatu zituen udalak, eta, gainera, zuzkidura jarduera izanik, ez zuen etxebizitza babesturik jasotzen. Era berean, inguruan 3.000 metro koadroko lorategia erabilera pribatuetarako bideratzeko asmoa zuen: “Lorategiak etxebizitzekin batera saldu eta errentagarritasun handiagoa lortzeko”, azaldu du Olabarrik.
Illarran bezala, ordea, sententziak atzera bota ditu udalaren nahi eta asmoak. Hala, planean jasotako hamabost etxebizitza babes publikokoak izan beharko dira, eta horrez gain, lorategia publikoa izan beharko da.
Lekualdaketak etenda
Auzo elkarteak ez dio errekurtsorik jarriko sententziari, baina argi adierazi dute ez dituela oinarrizko helburuak betetzen. Auzokideek eraiki behar dituzten etxebizitza kopurua nabarmen jaistea zuten helburu, Villa Ereski eta deposituak dauden Pinudien bidean ez baitago apenas zerbitzurik: “Guk garapen eredu hori baliogabetzea nahi genuen, ez duelako zentzurik Ibaeta eta Muntotik espazioak kentzea, ondoren Igeldon, inork gutxik erabiliko duen malda batean jartzeko”.
Malda horrekin Igeldoko Erregenea eremuari egiten diote erreferentzia. Beste bi eremuetan, “ohi baino gehiago eraikitzearen ondorioz”, Erregenean kokatu nahi zituzten Ibaetako eta Aieteko parke publikoari kendutako 5.157 metro koadro: “Erregenea ezin da parke publikoko eremu bat izan, dituen malda guztiekin. Are gutxiago, gainerako planeko gainerako eremuetatik oso urrun badago”.