Euskara taldea sortuko dute Martutenen
Martuteneko euskaltzaleak elkartzen hasi dira, helburu argi batekin: auzoan euskara talde bat sortzea. Gogorarazi dutenez, ikerketek erakusten dute Martutene dela euskara “gutxien erabiltzen den auzoetako bat”, azken datuen arabera, kaleko elkarrizketen %7,8 baitira euskaraz auzo horretan. “Ikastolak jartzen diren errekurtsoei ez zaie etekinik ateratzen eta egoera larrian gaude. Hortaz, belaunaldi gazteenak aisialdian, auzoan, Euskararik gabe hazten ari dira”, deitoratu dute.
Hori dela eta, egoerari buelta emateko asmoz, euskara taldea sortzeko bilera irekia antolatu dute: hilaren 14an izango da, 19:00etan, Sarroeta auzo elkartearen egoitzan. “Martutenen euskararen alde ekarpena egiteko prest bazaude, bihotzez animatzen zaitugu parte hartzera. Zenbat eta gehiago izan (bakoitzak bere aukeren arabera ekarpena eginez), orduan eta indartsuagoak izango gara eta gehiago eragin ahal izango dugu auzoan”, nabarmendu dute.