«Herbehereetako emaitza oso abiapuntu ona da erronkei begira»
Denboraldi betean murgilduta dago Clara Azurmendi badminton jokalaria. Olinpiar zikloa abiatu berri da, eta bertan ditu helburuak luzera begira. Sorbaldako minak atzean utzi ditu, eta emaitza onak biltzen ari da.
Udan geldialdi txiki bat egin behar izan zuen Clara Azurmendik (Donostia, 1998) sorbaldako lesio batengatik. Pistara itzultzeko gogoz zegoen, lehiak ematen duen «txinpartaren beharra» sentitzen baitzuen. Emaitza onak bildu ditu lehen txapelketetan. Herbehereetako irekian, adibidez, ez zuen finalerako sailkatzerik izan, baina brontzezko domina irabazi zuen. Alemaniatik erantzun du kazetariaren deia, han ari baita lehiatzen orain. Helburuez, badmintonaren sekretuez eta goi mailan aritzeko egin beharreko sakrifizioez mintzatu da, besteak beste.
Amaitu da udako geldialdia. Zer moduz itzuli zara pistara?
Oraintxe denboraldi betean nago. Udan gelditu egin behar izan nuen sorbaldako lesio batengatik, eta ordutik jokatzen ari naizen hirugarren txapelketa da oraingoa. Orain ondo sentitzen naiz, eta Turkian, Herbehereetan eta Alemanian lehiatzen aritu naiz. Beste hainbat txapelketa ditugu orain; errutina betean sartuta gaude jada. Ondo ari naiz, eta oso pozik nago. Ondo sentitzen naiz, baina, horretaz gain, emaitzak ere iristen ari zaizkit.
Herbehereetako irekian brontzea lortu zenuen. Nola sentitu zara han?
Oso ondo. Arantza bat ere badut, finalerdia irabazteko aukerak izan nituelako. Finala jokatzeko gogoz nengoen, baina hotzean pentsatuta, geldialdiaren ostean inolako minik gabe lehiatzea zen helburu nagusia, eta nik eman dezakedan mailatik gertu aritzea. Behetik gora egin nuen, eta oso ondo sentitu naiz azkenean. Denboraldiko erronkei begira, abiapuntu oso ona da.
Zer helburu dituzu orain epe motzera eta luzeagora?
Abenduan taldekako Europako Txapelketa mistoetan egoteko sailkatze fasea jokatuko dut. Sailkatuz gero, otsailean jokatuko dugu txapelketa. Banaka, apirilean Europako txapelketa izango dut, eta abuztuan, Munduko Txapelketa. Eta, noski, tartean hainbat txapelketa ere izango ditugu. Luzera begira, Olinpiar ziklo honetan jarri dugu arreta [2028an jokatuko dira, Los Angelesen].
Elkarrizketa hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.