Valentziako denboraleak kaltetutako pertsonentzako materiala bilduko dute Txantxarrekan
Valentziako denboraleak pertsona eta herri ugari kaltetu ditu, eta horiek laguntzeko egitasmo ugari sortu dira. Ildo horretatik, Antiguako Txantxarreka gaztetxean materiala biltzen arituko dira gaur (hilak 6), 18:30etik 20:00etara.
Bereziki, honakoak eskatu dituzte: katiuskak, mendiko botak, polainak, lanerako galtzak, konpresak, fardelak, maskarak, gel hidroalkoholikoa, lixiba, erratzak, eskularruak, umeentzako esne hautsa, bitaminak, probiotikoak, eta abar.
“Valentzian gertatutakoarekin, argi geratu da egungo gizarteak dakartzan ondorio ekologikoak, ehunka hildako eta kaltetu utziz, kasu honetan. Honekin batera, hainbat langile derrigortuta lanera joan behar izana edota larrialdi zerbitzuen eskasia salatu nahi dugu”, nabarmendu dute. Era berean, salatu dute “politikari eta enpresarien pasibotasunaren aurrean, haien irabaziak langileon miseria” direla. “Soilik gure artean antolaturik egingo diogu aurre. Elkartasun osoa adierazi nahi diegu Valentziako kaltetu guztiei, baita auzotar oro laguntza ematera animatu”, gaineratu dute.