Zapore desberdinak dastatu dituzte Ekintza Ikastolako ikasleek
Dastamenaren Eguna dela eta, DBH1 mailako Ekintza Ikastolako 50 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute gaur jardunaldi berezi batean. Pedro Subijana sukaldariak eta Akelarre jatetxeko bere lantaldeko kideek ikastaro bat eman dute ikastolan, ikasleei haurtzarotik nutrizioaren garrantzia hurbiltzeko helburuarekin.
Euro-toques Europako sukaldarien nazioarteko elkarteak bultzatutako egitasmo honi esker, duela 25 urte baino gehiagotik Subijana Ekintza Ikastolako ikasgeletara joaten da helburu argi batekin: “Haurrak txikitatik blaitzea elikadurak gure osasunean duen eraginaz eta hainbat produktu hurbiltzea”. Jardunaldian zehar adierazi duenez, “elikadura funtsezko zutabea da gure osasuna zaintzeko, eta txikitatik ohiturak finkatzeko moduaren araberakoa da. Horregatik da funtsezkoa oinarri on bat sortzea”.
Ikasleek jardunaldi didaktiko batez gozatu dute, eta alderdi ludikoa ez da falta izan. Gehienek lehendik ere ezagutzen zuten nutrizio piramidea, baina gogoan izan dute zer produktu komeni den gehiago eta zein gutxiago jatea, bai eta gure tokiko produktuek menu osasungarriak egiteko eskaintzen dizkiguten hainbat bertute ere, “lekale bikainak edo oliba-olioa, esaterako”, Jorge Breton Akelarreko sukaldari buruak esan duen moduan. “Elikadura eta ariketa fisikoa eskutik helduta doazen bizimodua ahaztu gabe”, zehaztu du.
Egitasmoak, halaber, jateko orduan bost zentzumenek duten garrantzia azpimarratu du, bereziki, dastamena eta usaimena, eta elikaduraren piramidea errepasatzeaz gain, ikasleek ahoan zapore desberdinak bereizten ikasi dute: azidoa, gazia, mingotsa eta gozoa. In situ egiaztatu dute, txokolatea, kafea, limoia, jogurta eta azukrea dastatuz. Ikasle batzuen harridurarako, Subijanak beste zapore bat aipatu die, umamia. Inork badaki zapore hori zer elikagaik duten? Urdaiazpiko iberikoak! erantzuten zuen ikasle batek gogotsu. Sukaldariak egindako galdera ugarietako bat izan da. Abegikor, gaiaren inguruan jakin-min handia duten neska-mutilen zalantzak argitu ditu.
Ikasle arretatsuenek saria eskuratu dute Dastamenaren Egunean, eta bakailao-opil batzuk prestatu eta dastatzeaz gozatzeko aukera izan dute, Pedro Subijanak etxean kozinatzera animatzen zituen bitartean.
Ekintza Ikastolako zuzendari Uxue Arrazolaren ustez, “ikastolak elikadura kontziente baten alde egiten duen apustuan funtsezko ekimena da hau. Ikasgeletan sustatzen dugun gaia da, sentsibilizazio jardunaldi hauekin, esaterako, bai eta gure jantokietan ere, kalitatezko produktu jasangarri eta km0 bat lehenesten baitugu”, zehaztu du.