Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du Agifesek azaroaren 11n
Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du azaroaren 11n, 19:00etan, Principe zineman. Filma Inocencia interrumpida izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasun nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean film honi esker.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina ikusleek aldez aurretik jaso beharko dute euren gonbidapena zinemako tabernan, azaroaren 4tik aurrera. Joaten direnek pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, filmaren mezuan sakontzeko asmoz, Agifeseko kideen eskutik.
Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.