Zinebi jaialdian proiektatuko dute Pello Gutierrezen 'Erreplika' dokumentala
Pello Gutierrez zuzendari donostiarraren Erreplika dokumentalak Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioan parte hartuko du, Beautiful Docs – Munduko film luze dokumentalen panorama, sailaren barruan. Lehiarik gabeko sail honek dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen du. Filma bihar, asteartea, 21:30etan ikusi ahal izango da Golem Alhondiga zinemetan. Sarrerak leihatilan edo webgunearen bidez lor daitezke.
Erreplika irailean, Zinemaldiaren 72. edizioan, estreinatu zuten, Zinemira sailean. Bertan, Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen.
Iñaki Sagastumek, David Aguilarrek eta Pello Gutierrezek idatzia eta Gutierrezek berak zuzendua, Erreplika euskarazko 74 minutuko dokumental bat da. Argazki zuzendaria Aguilar da, eta Arte zuzendaria Arrate Rodriguez. Soinu burua Maitane Carballo izan da, Iosu Gonzalez soinu diseinu lanetan ibili da, eta Maider Blazquez Gonzalezek nahasketak egin ditu. Maite Larburuk soinu banda konposatu du. Gutierrez eta Aguilar jardun dira filmaren muntaian. Iñaki Sagastume ekoizlea da eta Kany Peñalba ekoizle elkartua.
Irailean, IRUTXULOKO HITZAk Gutierrez elkarrizketatu zuen, Erreplika dokumentalaren harira. Hemen irakur daiteke elkarrizketa.