Jule Goikoetxeak Angela Davisen «bizkartzain» izan zeneko memoriak argitaratu ditu
'Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin' liburuan gordetzen dira memoria horiek, eta Susa argitaletxeak argitaratu du.
Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) Politeismo bastarta. Lau egun Angela Davisekin liburua argitaratu du, Susa argitaletxearen eskutik. Gaur aurkeztu dute Goikoetxearen azken lana, San Jeronimo kaleko sotoan, eta Goikoetxea senide eta lagun ugariz inguratuta egon da aurkezpenean.
Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluaga editoreak nabarmendu duenez, ez da erraza Politeismo bastarta sailkatzea, eta zailtasun hori liburuaren izaerarekin “lotuta” dagoela esan du: “Izen hori duen liburu bat, politeismo politiko eta bitala aldarrikatzen duena, baina bastarta, politeista izan behar da nahitaez forman ere”. Askotan, genero literarioen arteko mugak non dauden zehaztea zaila dela gogorarazi du, baina adierazi du nobela dela, ziurrenik, genero guztien artean malgutasun handiena garatu duena beste genero batzuen ezaugarriak barnebiltzeko. “Alde horretatik, nobela dei diezaiokegu liburuari, baina ez da ohiko nobela bat, liburuak badu kronikatik ere, badu saiakeratik, eta azken orrialdeetan, poesiara ere hurbiltzen da”, azaldu du Lopezek.
Aurtengo maiatzaren 24tik 27ra, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azoka egin zen Bartzelonan, eta Angela Davis izan zen gonbidatuetako bat. “Jule Goikoetxea aritu zen haren bizkartzain Davisek Bartzelonan egin zituen lau egunetan. Liburua sinple esplikatzeko modukoa balitz, esango genuke lau egun horien kontakizuna jasotzen duela idazleak hemen, baina ez da sinple esplikatzeko moduko liburu bat. Batez ere, nabarmendu nahi dut ez dela Lau egun pintoresko Angela Davisekin edo Lau egun gogoangarri pertsona famatu batekin motako liburu bat. Zerbait izatekotan, Lau egun Jule Goikoetxearen buruan Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean motako liburu bat izango litzateke”, esan du Lopezek, barrez.
Abisu honekin hasten da liburua: “Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala”. Beraz, tarteka, Goikoetxearen imajinazioa ageri da liburuan, “tarteka, imajinazio mitologikoak ere bai”.
Angela Davisekin egindako egunak “aitzakia bat” dira politikaz eta feminismoaz pentsatzeko. “Patriarkatuak, kapitalismoak, kolonialismoak… gure egunerokotasuna nola baldintzatzen duten aztertzeko aitzakia dira. Adibidez, ileko kakoak jartzeko momentua izan daiteke horretarako momentu on bat”, zehaztu du Lopezek.
Lau egun, lau kapitulu
Goikoetxeak azaldu duenez, ideia originala ez dago hizkuntza bakarrean idatzita. “Lau egun horietan zehar erabili nituen hizkuntzetan dago jasota hasierako eskuizkribua. Tartean, ingelesez ere badago, Angela Davisekin horrela hitz egiten nuelako”, adierazi du.
Eleberrian lau kapitulu daude, egun bakoitza atal batean jaso baitu Goikoetxeak. “Hor agertzen dira Pompeu Fabrako honoris causa doktore ekitaldia, Angela Davis honoris causa doktore egin baitzuten, Generalitatearekin eduki ditugun bilerak, eta horrez gain, Angela Davisekin, Sarah Ahmedekin eta Vandana Shivarekin izan nituen Firako zenbait elkarrizketa ere sartu ditut”, azaldu du, eta honakoa gehitu du: “Hasiera batean, hari solteak izango balira bezala aurkezten dira, tartean, hoteleko langileak, izan genuen gidari ofizial bat, eta beste hainbat pertsonaia ere sartu ditudalako, baina hari horiek harilkatzen joango dira, eta liburuaren amaieran, ehun sendo bat sortuko da”.
Sinopsia
2024ko maiatza. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han.
Azokatik kanpo elkarbanatutakoak —taxi bidaiak, bizitzeko gogoz betetako taberna zuloak eta jauregiak—, elkarrekin pentsatutakoak —Sarah Ahmeden, Vandana Shivaren eta hoteleko garbitzaileen ahotsak— eta horietatik abiatuta irudimenak sortutakoak —jainkosak, Buladak eta giza holobionteak— biltzen ditu umorez eta bizitasunez blaitutako kontakizun honek. Monoteismo ororen kontra eta, batez ere, bizitzaren izaera gatazkatsuari esku biekin helduta.