Etxegabeak muturreko hotz egoeretan artatzeko baliabideak martxan jarri ditu udalak
Euskalmetek hirian tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten duen gauetan, kaleko arreta zerbitzua aktibatuko dute.
Donostiako Udalak bihartik aurrera jarriko ditu martxan etxegabeei larrialdietan arreta emateko neguko aldi baterako baliabideak, hirian muturreko hotza aurreikusten den gauetan aktibatuko direnak.
Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, “aldi baterako baliabide horiei gehitu behar zaizkie Donostiako Udalak urtean 365 egunetan etxerik gabeko pertsonei arreta integrala emateko dituen 200 harrera plaza baino gehiago eta elikadura eta eguneko arreta programak. Muturreko egoera klimatologikoetan kale egoeran dauden pertsonei babesa eskaintzeko prestazio osagarri bat da”.
Etxerik gabeko pertsonentzat urte osoan dauden baliabide iraunkorrez gain, Gizarte Ekintza Zerbitzuak protokolo zabala du, harrera eta arretarako hainbat baliabide aktibatzen dituena, neguko muturreko eguraldiak kalean gaua igarotzen duten pertsonen osasunean ondorio kaltegarririk izan ez dezan.
Baliabide zehatzak
Duela urte batzuetatik hona, Donostiak etxerik gabeko pertsonentzako harrera zerbitzua du muturreko hotz gauetarako. Neguko aterpe hori Ondarretako La Sirena da 2021etik, eta gaur aktibatu dute apirilaren 1era bitartean, Euskalmetek kostaldean izozte arriskua dagoela adierazten duen gauetan. Horrek 100 plaza gehitzen dizkie etxerik gabeko pertsonentzako urte osoan dauden baliabideei.
Neguko protokoloa aktibatzen denean, aterpetxea 22:00etatik 08:30era egongo da irekita, eta sarrera prozedura egokia dela bermatzeko, txartel bat aurkeztu beharko da. Txartel hori aterpean bertan jasoko da, hotz-bolada bakoitzaren irekiera egunean, 10:00etatik 13:00etara. Txartela duen pertsonak eskubidea izango du hotz-boladak irauten duen egun guztietarako plaza izateko. Gainera, irekiera gauetan janaria banatuko da aterpean sartzerakoan eta irteterakoan.
Joan den neguan abian jarri zen harrera zentroetara joan nahi ez duten pertsona bereziki ahulei kalean emandako arreta, Hestia eguneko zentroko hezitzaileen eta DYAko boluntarioen eskutik.
Hobekuntzak
Arreta hori hobetze aldera, aurten ezarri da kaleko arreta zerbitzuaren aktibazioak ez duela zerikusirik izango aterpetxeko zerbitzuaren aktibazioarekin, eta martxan jarriko da Euskalmetek hirian tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten duen gauetan. “Gizarte Ekintza Sailak zerbitzu hori indartzea komenigarritzat jo du, zaurgarritasun handiena duten eta egoera horietan tratamendu berezia behar duten pertsonei zuzendutako arreta baita”, azaldu du Idoetak.
Hala, tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten den egunetan, hezitzaile talde bat goizean goiz joango da etxerik gabeko pertsona ahulenek gaua igarotzen duten lekuetara, egoera aztertuko dute, janari beroa eskainiko diete eta zentro batera joateko aukera emango diete, babes neurriren bat hartu behar den baloratzeaz gain. Kostaldean izotza egiteko arriskua dagoen egunetan, hezitzaile taldeak bere jarduna indartu egingo du, pertsona zaurgarriengana hurbilduz, goizeko lehen orduan zein arratsalde-gauean.
Inolako baliabidetara joan nahi ez badute, hotzetik babesteko produktu sorta bat emango diete: lo zakuak eta esterak, arropa termikoa, eskularruak, buff-a, txanoa, galtzerdiak eta barruko arropa.
Protokoloaren jarraipena egiteko, batzorde iraunkor bat ere sortu da, honako hauek osatua: Gizarte Ekintza zerbitzua, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila, Arrats elkartea, SOS Deiak, DYA eta Osakidetzako Larrialdiak.