Hamar udalerrik taxi zerbitzua emango diote Donostiari udan eta asteburuetan
Donostialdeko hamaika udalerriek eskari handiko egun eta orduetarako taxien gune komun bat sortzeko proposamenak urrats bat egin du. Horrela, Donostiako, Pasaiako, Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako, Andoaingo eta Usurbilgo hamaika alkateek Erregimen Bereziko Eremua deiturikoaren funtzionamendua arautuko duen hitzarmena sinatu dute. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu diote formalki, eta orain, aldundiak onartu eta arautu behar du ekimenaren jarduna. Bestalde, Akordioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu berri da.
Joan den ekainean, Donostiako Udalak aurreratu zuen Donostialdeko araubide bereziko eremuan ari zela lanean. Horrela, udalerri mugakideetako taxiek ekimenarekin bat egin duten beste udalerri batzuetan emango lukete zerbitzua. Hau da, aipaturiko herrietako taxiek ere Donostian jardun ahal izango dutela. Honela, hirian dauden 308 taxi lizentziei, 118 taxi gehituko zaizkie, egoera nabarmen hobetuz.
Orain, aldundiari dagokio proposamena aztertzea eta, hala badagokio, hitzarmena onartzea, aldatzea edo baztertzea. Hilabete honen amaierarako aurreikusten da aldundiaren erabakia ezagutzea.
Nola funtzionatuko luke?
Erregimen Bereziko Eremua ez da denbora guztian partekatuko, ezta guztientzat ere. Udal bakoitzak urtero zehaztuko du zein egun eta ordutan komeni den errefortzuak izatea eta, ondorioz, une horretan bakarrik utziko du hitzarmenean sartutako gainerako herrietako taxien mugen barruan jardutea.
Bost udalerritan (Pasaia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Andoain) edozein unetan eskainiko dira kanpoko taxiak. Hau da, urteko egun guztietan 24 orduetan. Seigarrenak (Urnieta) urteko egun guztietan utziko du, baina gaueko ordutegian bakarrik, 20:00etatik 07:00etara. Bi udalek (Oiartzun eta Lezo) ez dute oraindik egutegia erabaki. Eta Errenteriak, Lasarte-Oriak eta Donostiak une zehatzak dituzte aurrez ezarrita.
Tarifak berdinak izango dira, eta zehaztutako eremuan lizentzia duten 413 ibilgailuentzat bateratuko dira. Horietatik 308 Donostian.