Artikutzako bizilagun bereziena, galzorian
Balio natural handiko eremua da Artikutza, eta, besteak beste, horregatik bizi da han Piriniotako muturluzearen kolonia bat. Animalia urria da ugaztun txiki hori, eta egoera kritikoan dauden espezieen zerrendan sartu berri dute.
Zaila da ikustea, baina Artikutzako erreketan animalia berezi bat dabil: Piriniotako muturluzea (galemys pyrenaicus). Ugaztun intsektujale txiki bat da —12-16 zentimetro neurtzen ditu, eta beste horrenbeste neurtzen du bere isatsak—, sator baten antzekoa, baina urtarra dena. Iberiar penintsularen iparraldean baino ez da bizi, eta bere presentzia kalitate handiko uren adierazletzat jotzen da, erreka garbi eta osasuntsuak behar baititu bizitzeko. Artikutzan bizitzea, beraz, eremuaren balioaren erakusgarri da.
Dena ez da ona, ordea, azken hamarkadotan penintsula osoan animalia horren populazioak behera egin ostean (%85 murriztu da bere zabalkundea), Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak egoera kritikoan dauden estatuko espezieen zerrendan sartu berri baitu. Orain arte, basoilar kantauriarra, antzandobi txikia, bisoi europarra, zertzeta marmolairea, nakra eta margaritona ziren zerrenda horretan zeuden animalia bakarrak, Cartagenako estrepa landarearekin batera; muturluzeaz gain, kopetazuri gandorduna ere sartu berri dute zerrendan.
Desagertzeko arrisku handian dauden animalia espezieak sartzen dituzte zerrenda horretan, eta horien kontserbaziora bideratutako proiektuei lehentasuna ematea dakar baliabide aldetik, baita proiektu horiek urgentziaz tramitatzea ere. Hain zuzen ere, muturluze piriniotarraren kontserbaziorako estrategia berri bat abiatuko dute, eta, Artikutzako koloniaren jarraipena aspalditik egiten bada ere, Jon Levy biologoa jarraipen sakona egiten ari da orain.
40 bat muturluze piriniotar daude gaur egun Artikutzan, eta horietako zortziri mikrotxipak jarri dizkiete, jarraipen zehatzagoa egiteko. Halaber, eremuko erreketan zenbait kontrolgune jarri dituzte, animalia horren jokabidea eta egoera modu sakonagoan ezagutzeko.
Zergatik galzorian?
Albiste ona da animalia horrek Artikutzan biziraun izana, baina ez hain ona soilik bertan biziraun izana. Izan ere, adituek hainbat ikerketatan ondorioztatu dutenez, bertan bizi diren muturluzeak isolatuta gelditu dira. Ez daukate harremanik beste kolonia batzuekin, eta, beraz, Iñigo Garcia Ekologiako zinegotziak berriki azaldu duenez, endogamia ematen ari da euren artean, horrek dakarren pobretze genetikoarekin.
Hori dela eta, estatuko kolonia batzuetako zenbait ale beste eremu batzuetara eramatea aztertzen ari dira adituak, kolonia berriak sortu eta espeziearen biziraupena bermatzeko. Hala ere, Life Kantauribai proiektua (%60an Europako funtsekin finantzatua) da muturluzearen zein beste hainbat espezieren biziraupenerako itxaropen nagusia.
Proiektuak, besteak beste, aurreikusten du Natura 2000 sarearen parte diren Nafarroako, Gipuzkoako eta Akitaniako hamabost eremutako ibaietako 25 oztopo kentzea 2027ra bitarte, eremuak lehengoratu eta animaliek ibaiak bere osotasunean erabili ahal izateko. Artikutzako kasuan, presa partzialki eraitsiko du udalak —Konfederazio Hidrografiko Kantauriarraren baimenaren zain daude—, ezkerraldean zazpi metroko zulo bat irekiz, Enobieta ibaiak oztoporik gabe egin dezan bere bidea.
Horrek, besteak beste, ahalbidetu dezake Artikutzako muturluzeek beste batzuekin harremana edukitzea, Artikutzako bizilagun berezienaren biziraupenerako aukerak biderkatuz.
3.700 hektareako eremu naturala da Artikutza, Goizuetako (Nafarroa) lurretan badago ere, Donostiarena dena. Nazioartean erreferentziazko gunea da biodibertsitateari dagokionez, eremuaren kontserbazio maila altuarengatik eta balio natural handiarengatik.
Izan ere, oso mugatuta dago bertara ibilgailuz sartzea, bai ordutegi aldetik eta bai kopuru aldetik: 25 ibilgailu motordun sartu daitezke egunean, baimena eskatuta.
Udalak 2019an erosi zuen lursaila, hiria urez hornitzeko; 1947 eta 1953. urteen artean eraiki zuten egun zutik jarraitzen duen presa. Ordea, 1976tik, hiria Añarbeko urtegitik edaten hasi zen, eta, beraz, Artikutzakoa erabilerarik gabe gelditu zen. 2019an, presa zaharberritu behar zela eta, urtegia hustu zuten, zaharberritzeak edo osorik botatzeak kostu handiegia baitzuen. Bost urteren ondoren, landarediak bere bidea egin du urez beteta zegoen eremuan, goiko argazkian ikus daitekeenez.