'Harria eta Poltsa', edukiaren eta edukiontziaren arteko harremana, Maddi Barberren eskutik
Museo Bikoitza egitasmoa seigarren urtez antolatu du San Telmo museoak, eta, oraingoan, Maddi Barber (Artzibar, Nafarroa, 1988) artista da protagonista. Hain zuzen ere, Harria eta Poltsa instalazioa aurkeztu dute ostiral goizean museoan bertan Barberrek berak, museoko zuzendari Susana Sotok eta Jon Insausti Kultura zinegotziak. Urtebetez egongo da ikusgai instalazioa, hilaren 16tik hasita.
Zinematografia da Barberrek landu ohi duen diziplina artistikoa, eta, hain zuzen ere, film bat da museoko elizan ikusgai jarri dutena, arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen dituena.
Ordea, filma ikusteko jarri duten pantaila bera ere bada instalazio artistikoaren parte da, “edukiaren eta edukiontziaren arteko harremana” izan baitu hizpide Barberrek bere lanean: “Film hau pantaila eta leku honetarako propio sortuta dago, baina, etorkizunean, baliteke filma beste pantaila batzuetan proiektatzea eta pantaila honetan beste film batzuk ikustea; mendekoak diren bi elementuen independentziari buruz hausnartu dut”. Hain justu, pantaila mugikorra da, eta urtean zehar, tarteka, pantaila mugitu eta bestelako proiekzioak egingo dituzte, “instalazioa bizi mantentzeko”, Barberren hitzetan.
Ikerketa prozesua
Barberrek azaldu duenez, “beldurra” sentitu zuen San Telmo museoaren proposamena jasotzeko unean, baina ikertzeko eduki zituen sei hilabeteetan, pixkanaka, bere proiektuari forma ematen joan zen. Hain zuzen ere, ikerketa prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu prentsaurrekoan: “Beti lan egin dudanez nire herritik gertu, alde batetik, sentitzen nuen nire lana desplazatu behar zela San Telmo museora. Ondoren, museoan dagoen harri diskoetako bat ikusi nuen, Oroz ingurukoa zena, eta ulertu nuen hori ere desplazatuta zegoela”. Desplazamendu horien inguruan hausnartzea izan zen, beraz, abiapuntua artistarentzat: “Hausnartu nuen zer esan nahi zuen harri hau hemen egotea eta ez bere sorlekuan”.
Horren ondoren, argazki arkeologiko batzuk ikusi zituen museoan baita ere, eta ulertu zuen “arkeologiak objektuen desplazamendu bat” dakarrela, baita ere. Eta, berak egiten dituen filmekin antzeko zerbait egiten duela ondorioztatu zuen: “Zer da nik, irudi egile gisa, egiten dudana, irudiak desplazatzea ez bada?”. Hortik dator, hain zuzen ere, instalazioaren izena, Harria eta Poltsa, “harria desplazatzeko, ezinbestekoa duzu poltsa; filma erakusteko, ezinbestekoa duzu pantaila”. Une oro, ideia horren inguruan hausnartu du Barberrek: edukia eta edukiontzia, fondoa eta edukia.
Horrela arkeologia eta museografia hizpide, museoa ere arkeologiak aurkitzen dituen objektuen edukiontzi gisa ulertuz, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen lana jarraitu zuen hamabost egunez, besteak beste, San Adriango kobazuloko indusketetan grabatuz filmaren zati han bat.
Obra honetan, Barber pertsona eta erakunde hauekin elkarlanean aritu da: Jonander Aguirre, FranFraca eta Iruinox pantailaren diseinuan eta eraikuntzan; Mirari Etxabarri, Maite Redondo, Gerard Ortin, Xabier Erkizia, Ione Atenea, Armando Llanos Ortiz de Landaluze, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskadiko Filmategiaf ilmaren produkzioan eta FFraca eta Maite Zabaleta diseinu grafikoan.
Barberren obra
Barberren lan zinematografiko berrienak —Paraiso, Gorria, Urpean Lurra eta 592 metroz goiti— jaio zen Pirinioaurreko lurraldeari estuki lotuta daude. Etnografia esperimentalaren ikuspegitik, bere filmek interesa erakusten dute oroimenaren, lurraldearen, azpiegituraren, ekologiaren eta gizakien eta naturaren arteko zaintza etikaren arteko harremanean.
Barberrek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen EHUn eta ikusizko antropologiako master bat egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Bere lanak hainbat jaialditan erakutsi dituzte, besteak beste, Visions du Reel, Rencontres Internationales Paris-Berlin, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Saila, Curtocircuito, FidMarseille, Open City, Reykjavik Film Festival, Documenta Madrid, Ji.hlava eta Punto de Vista
Halaber, lanak ikusgai egon dira arte zentro hainbatetan, tartean, Oteiza Museoa, Domus Artium, La Panera, Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Museo Bolit. 2019an, Pirenaika ekoiztetxea sortu zuen, eta haren hainbat film ekoitzi ditu, baita hurbileko artista eta zinemagileenak ere. Iruñea eta Baiona artean bizi eta lan egiten du, ESAPBko irakaslea dela.