Irunen hildako garraiolariaren heriotza salatu dute
LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostiral goizean Donostian, Gizarte Segurantzaren egoitzaren aurrean, laneko azken heriotza salatzeko. Izan ere, hilaren 11n, 56 urteko garraiolari lesakar bat hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. “Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024an, hamaika garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Azken honekin, gutxienez 54 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak”, azaldu dute sindikatuek.
Prekaritateak hil egiten du. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean egin dugu mobilizazioa, garraiolaria gogoratu, lan istripua eta heriotza salatu eta “heriotza hauek prekarietate eta lan baldintza kaskarren ondorio” direla adierazteko. “Langileek erretiro duina izateko eskubidea aldarrikatu dugu, langile ororen adina 60 urtera aurreratu ahal izateko, batez ere ezbeharren bat izateko arriskuan daudenean”, gaineratu dute.
Garraiolarien sektorearen aldarrikapen historikoa da 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea: “Argi dago adin horretatik aurrera arreta gal dezaketela gidatzerakoan, edo arrisku handiagoa dutela gaixotasun kardiobaskularra edo bihotzekoa izateko, ondorioz istripua izan, garraiolariaren beraren eta errepideetako gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jarriz. Kontuan izan behar da garraiolariek tona asko karga izaten dituztela bizkarrean, eta bezeroek presaka ibiltzen direla”, azaldu dute sindikatuek. “Estatistika latza da, hilero garraiolari bat hiltzen baita errepidean”, salatu dute.