658 tona hondakin atera zituzten iaz Donostiako saneamendu saretik
Komunaren erabilera egokiaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute.
Komunaren Munduko Eguna izan zen atzo (hilak 19), eta, horren harira, agerraldia egin zuten Martin Ibabe Añarbeko Urak erakundeko presidente eta udaleko zinegotziak, Carlos Garcia Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak eta Txema Hernandez Cristina Enea fundazioko zuzendariak, komunaren erabileraren inguruan sentsibilizatzeko eta zenbait datu emateko. Hain zuzen ere, Esku misteriotsua lelopean, sentsibilizazio kanpaina abiatu dute “herritarrei gogorarazteko komuna ez dela zaborrontzia gisa erabili behar”.
Garciak azaldu zuenez, urtero, “hamaika tona toallatxok Donostiako saneamendu sarea kolapsatzen” dute: “Antza denez, mundu guztiak modu egokian erabiltzen du komuna, eta inork ez du toallatxorik jaurtitzen komunera, baina urtero hainbat tona toallatxo aurkitzen ditugu gure saneamendu sarean. Horregatik, umore tonua erabiliz, norbanakoaren hausnarketa eragin nahi dugu, pertsona bakoitza bere buruarekin zintzoa izan dadin eta komunetik egokiak ez diren elementuak botatzen dituen esku misteriotsu horietako bat ote den pentsa dezan”.
Toallatxo hezeez gain, bestelako hondakinak ere atera ohi dituzte saneamendu saretik, arduradunek azaldu zutenez: higiene pertsonaleko objektuak, olioak, preserbatiboak, janaria, zigarrokinak, pixoihalak, pilak, sendagaiak, produktu kimikoak, eta abar. “Soilik iaz, 658 tona hondakin atera ziren Donostiako sareetatik, eta horiei Añarbek bere kolektoreetan eta Loiolako araztegian bildutako 1.728 tona gehitu behar zaizkie —horietatik, bi heren inguru Donostiako hiriburuari dagozkio, eta gainerakoak Mankomunitatea osatzen duten beste bederatzi udalerriei—. Kalkuluen arabera, hondakin horien guztien %12 komunetik sekula bota behar ez diren elementuak dira”, azaldu zuen Garciak.
Ingurumen eta saneamendu arazoaz gain, horrek guztiak arazo ekonomikoak ere sortzen ditu, Ibabek gaineratu zuenez: “Hondakin horien kudeaketak eragin ekonomiko handia du, estimatzen da pertsonako eta urteko 5 euro inguruko gainkostua dagoela kolektoreen sarea mantentzeko eta Loiolako HUAn hondakin urak tratatzeko eta arazteko”. Halaber, gogorarazi zuen “3Pak delakoa” soilik bota behar dela: “Pipia, popoa eta papera, hau da, gernua, gorozkiak eta komuneko papera”.
Kanpainari dagokionez, irudia markesinetan jarriko dute Donostian, eta animaziozko pieza bat zabalduko dute Dbusen, tren geltokiko pantailetan eta Groseko tren geralekuan, baita hainbat komunikabide eta sare sozialen bidez. Azkenik, udal kultur ekipamendu ugaritan orri markatzaile bat jaso ahal izango da, komunetik bota behar ez diren hondakinak zeintzuk diren gogorarazteko.