Autokarabanen gaineko kontrola zorroztuko du udalak
Azken urteotan DGTren araudian izandako aldaketek eragotzi egiten dute mota horretako ibilgailuentzako erregulazio zehatza.
Donostiako Udalak autokarabanek hiriko espazio publikoan egiten duten erabileraren kontrola zorroztuko du, eta bereziki zorrotza izango da Gizabideari buruzko Ordenantza eta aparkatzea arautzeko neurriak betetzeari dagokionez. Horretaz gain, neurri pedagogikoak ere landuko dira, autokarabanen erabiltzaileei zuzenduak.
“Mota horretako ibilgailuen kontrola indartzea, udan areagotuko dena, hiriko zenbait tokitan izaten diren elkarbizitza arazoen ondorio da, bai eta erabilera edo tipologiagatik ibilgailu horien zirkulazioa eta aparkatzea arautzeko legezko ezintasunaren ondorio ere”, adierazi du udalak. Horrekin batera, Donostiara gero eta autokarabana gehiago iristen direla diote: “Horrek hainbat erronka sortu ditu hiriko aparkalekuaren eta gune publikoaren erabilera kudeatzeko”.
Azken urteotan, udalak lan egin du araudi espezifiko baterako lege egokitzapena aurkitzeko, eta Zirkulazio Ordenantza aldatzeko beharrezko prozesua ere abian jarri du, baina legediak ibilgailu mota jakin batekiko diskriminazioa eragozten du, eta, beraz, zentzu horretan egiten den edozein aldaketak eragin negatiboa izango luke Donostiako herritar batzuengan.
Indarrean dagoen araudia
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT), Espainian mugikortasuna arautzeko eskumena duen erakundeak, autokarabana erabiltzaileek gainerako ibilgailuek aparkatzeko duten eskubidea “blindatzeko joera” izan duela nabarmendu du udalak. “Jarraibideetan jasota zegoen ibilgailuen erabilera edo tipologiagatiko diskriminaziorik eza indartzeko, denbora gutxi barru gomendio hori erregelamendu mailara igoko du eta jarraibide hori araudian sartuko du”.
Horrela, udal Zirkulazio Ordenantzan egiten den edozein aldaketak, “hiriko ibilgailu guztietan izango luke eragina”. Izan ere, arauek orokorrak izan behar dute, eta luzeragatik, pisuagatik eta altueragatik soilik mugatu daiteke aparkatzea edo zirkulatzea. “Horrek eragin negatiboa du hiriko gainerako ibilgailuetan, hala nola furgonetetan edo tamaina handiko auto partikularretan”, deitoratu du udalak. Gauza bera gertatzen da aparkatzeko sistema arautuari (TAO) lotutako balizko erregulazio neurriekin.
Egoera horren aurrean, eta autokarabanak arautzeko legezko bermeak urteetan bilatu ondoren, udalak egungo zaintza mekanismoak indartzen jarraituko duela iragarri du, “baita pedagogia lana eta espazio publikoan ohitura desegokiak prebenitzeko lana er”e, eta ibilgailu horientzako “gune egokien sarea” zabaltzeko aukerak bilatzen segiko du.