Dalia Rosetti eta Vito Gil-Delgadoren irakurketa eta solasaldiarekin hasiko da XIX. Feministaldia
Donostiako XIX. Feministaldiari gaur arratsaldean emango diote hasiera, Egiako Bukowski tabernan. Dalia Rosettik eta Vito Gil-Delgadok Muchísimo calor liburuko pasarteen irakurketa eta solasaldia egingo dituzte, 19:00etan. Ondoren, 21:00etan, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa izeneko errezitaldia izango da toki berean, Pomada Bandaren eskutik. Sarrera librea izango da, aretoko edukiera bete arte.
Gaur goizean aurkeztu dute ekitaldia Bukowskin, eta bertan izan dira Laura Muelas eta Leire San Martin jaialdiaren antolatzaileak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Eider Bergaretxe Kontadores Gazte Zentroko koordinatzailea, Cristina Arrazola Gasteizko Inmersiones jaialdiko zuzendaria eta Fernanda Laguna (idazle gisa, Dalia Rosetti gisa ezaguna).
Feministaldiko lehen jarduerak gaur egingo badituzte ere, hilaren 27tik 30era, Kontadoresera (azaroak 27 eta 28) eta Tabakalerara (azaroak 29 eta 30) mugituko dute jaialdiko programa. Azkenik, Gasteizko ZAS espazioan emango diote amaiera, Inmersiones jaialdiarekin bat eginez. Azken jaialdi honekin ahizpatu da aurten Feministaldia, eta hortik dator aurtengo leloa ere: Agur eta ciao. “Feministaldia XIX eta Inmersiones XVII jaialdiak ahizpatu dira agur eta ciao elkarri esan eta hori bera ospatzeko: topaketa, topaketaren inguruan mugitzen dena. Izan ere, programa kulturalen muina beti da harrera egitea, laguntzea eta agurtzea: gonbidatuak agurtu, lantaldeak lagundu, lagunak jaso”, azaldu dute antolatzaileek.
Programazioa
40 bat aktibista, pentsalari eta kolektibok osatuko dute aurtengo gonbidatuen zerrenda. Hilaren 27an, jaialdiari harrera egiteko, Euskal Herriko Bollotopaketak eta Mefsst kolektiboak gonbidatu dituzte, eta eguna amaitzeko, Maite Aizpuruaren eskutik, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei antzezlanaz gozatzeko aukera izango da.
Horrez gain, nabarmentzekoa da hilaren 28an, Palestinako Al Qaws for Sexual & Gender Diversity in Palestinian Society taldeko bi aktibistek Palestinan genozidio garaian egindako erresistentzia queer eta dekolonialari buruz hitz egingo dutela. Gainera, Erreddad eta Usmen Marokoko bi aktibista ere izango dira, Marokon antolatutako queer mugimenduaz hitz egiteko. Hori guztia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministako kideekin batera egingo dute.
Hilaren 29an, Tabakaleran, lau pentsalari eta idazlerekin egoteko aukera izango da: Elena Castro, Irene Coulon, Berna Wang eta Elaine Vilar. Hitzaldiak eta solasaldiak eskainiko dituzte, 18:00etatik aurrera. Hilaren 30ean, berriz, lehengo urtean egin zuten gala formatuarekin jarraituko dute, Las Nenas kolektiboko kideek gidatuta. 16:00etan hasi eta 22:00ak bitarte, hainbat hitzaldi, performance, abesbatza, irratsaio eta kantari izango dira Tabakaleran. Azken ordu eta erdian, berriz, gauean Dabadaban izango den festarako prestatuko dira, fantasia txokoan, Maider Aldasororen eta Uxoren eskutik.
Hemen ikus dezakezue egitaraua osorik.
Amaiera festa
Hilaren 30ean, Dabadaba aretoan emango zaio amaiera XIX. Feministaldiari, 00:00etatik aurrera. Lehenengo, Labarren kontzertua izango da, eta ondoren, LaMia Mari, LinaPary eta Elena Barker DJ-ak arituko dira jaia girotzen, 06:00ak arte. Festako sarrerak nola eskuratu daitezkeen datozen egunetan iragarriko dute, sare sozialetan eta jaialdian bertan.