Intxaurrondok izan dituen lanbideak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute
Intxaurrondoko historiaren zati bat ezagutzeko ibilaldia antolatu du astebururako Plazara Goaz auzoko euskara elkarteak, IZBE auzo elkartearekin elkarlanean. Hain zuzen ere, auzoak historian zehar izan dituen lanbideen ingurukoa izango da ibilaldia; larunbatean izango da (hilak 23), 11:00etatik 13:00etara, Otxoki parketik abiatuta (Ducasse haztegiaren azpitik).
Bide batez, Euskararen Egunaren harira antolatu dituzten jardueren berri eman du Plazara Goazek: azaroaren 29an, Bernart Etxepare plazan, haur jolasak, plaza dantzak eta gaztaina erreketa; azaroaren 30ean, Zulo Zahar elkartean, bertso bazkaria Maddi Ane Txoperena eta Xabat Illarregirekin (20 euro, elkartean bertan); abenduaren 1ean, 10:30etatik aurrera, Intxhaurgunean, ipuin kontalaria, eskulanak eta hamaiketakoa; abenduaren 3an, Euskararen egunean, 19:00etan Intxaurrondo Kultur Etxean, Plazara Goazen 25. urteurrenaren ospakizuna: argazki erakusketa eta luntxa eta abenduaren 5ean, Intxaurrondo Kultur Etxean, 17:00etan eta 19:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berria (10 euro).