Emakumeen Etxearen kokaleku berriaren prozesuan «bermeak» eskatu ditu EH Bilduk
Donostiako Emakumeen Etxeak urteak daramatza egoitza handiago eta aproposago bat eskatzen, egungo lokala, Okendo kalekoa, behin-behinekoa baita, duela hamar urte baino gehiago. Udal gobernuak agertu izan du Emakumeen Etxea lekualdatzeko asmoa, baina EH Bilduk salatu duenez, “azken promesa gauzatu gabe segitzen du”: “Hitzez behintzat espazio berri bat lagatzeko konpromisoa duela esan arren, iazko apirilean, hauteskunde batzuen atarian, emakumeei eskaini zien Amara kaleko lokalaren gainean zalantzak sortu dira epeak ez direlako, antza, aurreikusitakoak”, azaldu zuten atzo, Izar Hernando eta Itziar Iturri zinegotziek eskainitako prentsaurrekoan.
Gaineratu zutenez, urriko Berdintasun Kontseiluan, “zinegotzi delegatuak baieztatu arren Amara kaleko kokapenak mahai gainean segitzen duela, promozioak atzerapena duela ikusita, jabetza pribatuko lokal bat eskaini zaio Emakumeen Etxeari. Hortaz, Emakumeen Etxeak bi aukeren artean erabaki behar du”.
Alde batetik, Amara kaleko lokala dago; lursaila publikoa da, baina udalak 7,5 milioi eurogatik salduko du bertan etxebizitza pribatuak egiteko, udalak espazio bat erreserbatuta, Emakumearen Etxearentzat. Bestetik, EH Bilduk azaldu duenez, “berriki eskaini zaien aukera dago: jabetza pribatua duen lokal bat, Lizarra kalean. Lekuak irisgarritasun arazoak ditu eta espazioak lanerako egokitzeko bi milioi eurotik gorako kostua duen obra exijitzen du”. “Jakin dugunez, San Bartolome Muinoa SA sozietatea da jabea eta hiriko higiezin agentzia ezagun batean dago salgai, 965.000 eurogatik”, gehitu dute.
Hori dela eta, kezkatuta agertu da oposizioko taldea: “Ez da harritzekoa Emakumeen Etxearen kokaleku berria Amara kalean izan ez dadin eragin duten arrazoien inguruan zalantza egitea”, nabarmendu zuen Hernandok. Horrela, epeen inguruan eta prozesuaren beraren inguruan “bermeak” exijitu ditu koalizio abertzaleak, Emakumeen Etxeak “lasaitasunez” hartu dezan erabakia: “Hainbeste denbora zain egon ostean, orain haiei presa sartzea ez litzateke ez zilegi ez justua izango”. Era berean, Emakumeen Etxeak hirugarren kokaleku bat proposatzeko aukera edukitzea eskatu zuten zinegotziek, eta gaur egiten ari diren udalbatzarrera eraman dute gaia.
Aurrekontuak
EH Bilduk dio egoera honek ez lukeela “Emakumeen Etxea oraindik eta gehiago kaltetu behar”, eta “erraztasunak” eman behar lituzkeela udal gobernuak: “Batetik, bi lokalen arteko erabakia hartzeko malgutasun osoa emanez, eta bigarrenik, egungo zerbitzua hobetzera begirako inbertsioak mantenduz eta handituz”. Hain zuzen ere, datorren urterako aurreikusita dagoen 50.000 euroko diru partidaren helburuaz galdetu zuen alderdiak pasa den asteko Ogasun batzordean: “Dirudienez, balizko proiektu berria erredaktatzeko izango da. Diru partida berbera aurreikusita zegoen 2024 honetarako eta, ordea, ez da ukitu”, salatu zuten zinegotziek.
Horrela, aldarrikatu zuten “Emakumeen Etxe berria ez badago, baliatu dadila diru hori gaur egungo kokapenean hobekuntzak egiteko eta izan dadila partida plurianual bat zerbitzua hobetzeko Etxe berria ez dagoen bitartean”.
Era berean, gogorarazi zuten EH Bilduk aurreko legealdian proposatu zuela Emakumeen Etxea suhiltzaileen egoitza zaharrean jartzea, Easo kalean: “Begi onez ikusten zuten bai langileek baita erabiltzaileek ere, baina bide hura eten egin zen udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina bete-betean, udal gobernuak Amara kaleko aukera aurkeztu zuenean. Gaur gaurkoz, pausuak eman gabe segitzen dute eta noiz izango den posible ere ez dakite”.