Ertzaintzak Anoetan zauritutako emakumearen auzibidea irekitzeko agindu dute
Salaketaren auzia bertan behera utzi ondoren, berriro zabaltzeko agindu du orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak.
Martxoaren 5ean, Realak eta Paris Saint Germainek Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, istiluak izan ziren estadioaren inguruan, eta Amaya Zabarte buruan larri zauritu zuen Ertzaintzak, karga batean. Ustez, Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen 44 urteko emakumea, eta gerora zabaldu ziren gertaera horretako irudi batzuek erakusten dutenez, ertzain batek ostiko bat eman zion, lurrean zegoela. Ospitaleratu behar izan zuten, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.
Familiak salaketa jarri zuen, baina auzibideak ez zuen aurrera egin, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuelako. Orain, ordea, auzibidea berriz irekitzeko agindu du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Familiaren abokatu Iker Sarriegik helegitea jarri zuen, aipaturiko irudi argigarriak eta gertakariak ikusi zituen lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Hala ere, epaile berak ikertu beharko du auzia.