Futbol partiden egunetan, bizilagunen eskubideak bermatu daitezela eskatu dute Amara Berrin

Amara Berriko herritarrek Realaren futbol partida egunetan bizilagunen eskubideak bermatu daitezela eskatu diote Donostiako Udalari eta futbol taldearen zuzendaritzari. Amarako bederatzi eragileek azaldu dutenez, beldurra eta ezintasuna nagusi izan ohi dira Anoetatik hurbilen dauden kaleetan, partidak dauden bakoitzeko. Egoera horren aurrean, manifestu bat zabaldu dute ordezkariei dagozkien ardurak har ditzatela eskatzeko.
Auzokideen arabera, bizilagunen egunerokotasuna mehatxupean jartzen da arrisku handiko partidak dauden bakoitzeko. Diotenez, helduek beren ohiko jarduerak utzi behar izaten dituzte, adingabeek eskolaz kanpoko jarduerak eten behar dituzte eta herritar askok etxean bilatu behar izaten dute babesa. “Salbuespen egoeratzat” har daitezkeen aldaketa horiekin euren eskubideak eten egiten direla diote: “Bereziki larria eta eskandalagarria da gure eskubideak errespetatzen direla zaintzeko ardura duten erakunde publikoek herritarrekiko betebeharren mailan ez dauden jarrerak hartzea”.
Salatu dutenez, egoera horren aurrean aitzakiak baino ez dituzte topatzen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailan eta Donostiako Udalean:”Alkateak ez du aintzat hartzen dagokion erantzukizun zatia”. Era berean, Realeko zuzendaritzaren jarrera ere seinalatu dute, beste batera begiratzen dutela esanez: “Ez da onargarria Realak Anoetan partida bat okatzen duen bakoitzean gertatzen dena alde batera utzi nahi izatea”.
Egoera horren aurrean, dei egin diete Anoetako futbol partiden inguruan inplikatuta dauden erakunde eta entitate guztiei, Amara Berriko bizilagunen eskubidea errespetatzearen alde ager daitezen. Ondorengo eragileek babestu dute manifestua: Amara Berri Auzo Elkartea, Amara Berri ikastetxea, Katalin ikastetxea, Jubilatuen egoitza, Ikasbide elkartea, Urrats Euskaltegia, AEK euskaltegia, Amara Berri futbol Taldea eta Mongoliako Herritarren Elkartea (ACIMON).