Isuri Gutxiko Eremuaren ordenantza behin betiko onartu dute
Donostiako Isuri Gutxiko Eremua (IGE) arautzen duen ordenantza behin betiko onartu du udalbatzak, ordenantza abian jartzeko azken izapide administratiboa osatuz. Datozen egunetan argitaratuko dute onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta, horrekin batera, indarrean sartuko da.
Indarrean sartzen denean, udalak azaldu duenez, “egokitzapen eta informazio aldi bat hasiko da, herritarrak erregulazio berriarekin ohitu daitezen eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokion baimena izapidetu ahal izan dezaten”; baimen hori udalaren webgunearen bidez edo IGEaren bulegoan izapidetu ahal izango da. Eremuko panelak jarrita daude, eta kamerak urtarrilean jarriko dituzte funtzionamenduan.
Hala ere, isunak ez dituzte urtarriletik aurrera jarriko. Urtarrilean eta otsailean, araudia betetzen ez duten pertsona guztiek informazio jakinarazpen bat jasoko dute, arau hauste bat egin dutela jakin dezaten. Ondoren, martxoan, isunak jartzen hasiko dira, ordenantza betetzen ez duten ibilgailuetako gidariei.
Faseak eta eremua
Erdialdea, Parte Zaharra eta Amararen zati bat hartuko dira Isuri Gutxiko Eremuak, eta, lehenengo fasean, 2025etik 2027ra bitartean, ingurumen etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu. 2028tik aurrera, bigarren fasean, B etiketatik beherako ingurumen etiketak dituzten ibilgailuak ezin izango dira IGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
Etiketarik gabeko ibilgailuen artean, badaude salbuespen batzuk, ingurumen etiketarik gabe ere eremuan sartu ahal izango direnak: IGEan erroldatuta dauden eta DGTn erroldatutako helbidea eremuari dagokion ibilgailuak —bigarren fasean ez dira baimenduko etiketarik gabeko ibilgailuak, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik—, IGEan erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO araubideei lotutako baimena duten pertsonen ibilgailuak (mugikortasun murriztua eta jarduera ekonomikoak) eta DGTk historikotzat jotako ibilgailuak eta taxi edo gidaridun garraio ibilgailuak —bigarren fasean ez da etiketarik gabeko ibilgailurik baimenduko taxien eta VTCen kasuan—.
IGEari hasierako onarpena eman ziotenetik, aldaketa txiki batzuk sartu dituzte dokumentuaren idazketan, eta “osasunarekin loturiko lanak” sartu dituzte eremuko pertsonek edo jarduerek eska ditzaketen ohiko zerbitzuen edo errepikarien artean. Zerbitzu horiek lehenengo fasean sartzeko baimena izango dute, eskatzen badute.