Kursaal kasino zaharreko 1922ko margolan bat ikusgai jarriko du San Telmo Museoak
San Telmo Museoak eta Kursaal kasinoak akordio bat sinatu dute kasinoak Kursaal zaharretik berreskuratutako ondare piktorikoari buruzko ikus-entzunezko bat egiteko.
Morgan Creak egindako ikus-entzunezkoa datorren abenduan aurkeztuko da, San Telmo Museoak erosi eta zaharberritu berri duen azken lanaren erakusketarekin batera. 1922ko margolan hori, Izenbururik gabe izenekoa, modernismoaren eta sinbolismoaren lotura estua zuen Nestor Martin Fernandez de la Torre artistak eginikoa, Kursaal Zaharreko Hall Handian kokatuta zegoen. Lau hilabetez izango da ikusgai Nabarmendutako obra programaren barruan.