Txaparreneko eraso matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute
Elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Intxaurrondon, Txaparrene pasealekuan izandako azken eraso matxista gaitzesteko. Izan ere, Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuen aurreko ostiralean Donostian, ostegunean Txaparrene pasealekuan emakume bat bortxatu izana egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuen eraso hori, eta larunbatean espetxera bidali zuten erasotzailea, epailearen aurretik pasatu ostean. Segurtasun Sailaren arabera, bortxaketa 22:00ak inguruan gertatu zen. Gizon batek emakume bati mehatxu egin zion labana eskuan, eta sexu harremana izatera behar zuen. Biktima onik iritsi zen etxera, eta familiari gertaturikoa jakinarazi zion. Une horretan, sexu erasoen kontrako protokoloa martxan jarri zuten. Biktima ospitalera eraman zuten, eta ondoren salaketa jartzera joan zen Ertzaintzaren polizia etxe batera.
Donostiako Udalak ere aste honetan egin du Txaparreneko eraso matxistaren aurkako elkarretaratzea, Alderdi Ederren. Udaleko alderdi politiko guztietako kideek egin zuten bat elkarretaratze horrekin, eta “babesa eta elkartasuna” adierazi zioten “eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere”. Era berean, gogorarazi zuten “indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiek, laguntza behar eta nahi izanez gero, udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela”.