Bidebietak presente egon nahi du HAPOan, eta baditu proposamenak
HAPOaren aurrerakin dokumentuan oinarrituta ari dira berrikusten hiriko plan orokorra, baina Bidebietarako proposamen bat bera ere ez du jasotzen aurrerakinak. Horren aurrean, askotariko proposamenak landu dituzte auzotarrek.
Hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakinak Donostiako auzo gehienetarako proiektuak jasotzen ditu, eta abian den berrikuspen prozesutik aterako den behin betiko HAPOak baldintzatuko du hurrengo hamabost urteetan nolakoa izango den hiriaren eboluzioa. Bidebietarako, ordea, ez du proiektu bat bera ere jasotzen aurrerakinak; beharrak, gabeziak eta aukerak, ordea, baditu auzoak.
Horren aurrean, proposamen zehatz ugari landu eta mahaigaineratu ditu Bideak auzo elkarteak, udalari helarazi eta aurrera eraman ditzan, epe labur zein luzean.
Jon Tamayo auzo elkarteko presidenteak azaldu duenez, proposamenen artean kultur etxearen aldarrikapen historikoa dago: «Kultur etxea eratzearen aldeko hiru txosten daude udalean, bat Odon Elorzaren garaikoa, bestea Juan Karlos Izagirreren garaikoa eta bestea Eneko Goiaren garaikoa. Defendaezina da beste auzo batzuek bi kultur etxe edukitzea eta guk, 9.000 bizilaguneko auzo batek, bat bera ere ez».
Horrela, honakoa da auzo elkartearen proposamena: «Planteatzen dugu Kontadores zentroko hirugarren solairuan jartzea kultur etxea, egun erabilerarik gabe baitago, eta nahikoa baita auzoak behar duenerako. Kontadores oso kokaleku onean dago auzo guztiarentzat». Hirugarren solairuan planteatzen dute kultur etxea eta ez eraikin osoan, gazte zentroak eta Adsis fundazioak lan handia egiten dutelako bertan: «Ez dugu onartuko, inondik inora, bertan garatzen diren jarduerak kentzea kultur etxea jartzeko», nabarmendu du Tamayok.
Bestalde, auzoaren beste aldarrikapen historiko bat ekarri du hizpidera auzo elkarteko presidenteak, HAPOan txertatu baino gehiago, urtero egin beharko litzatekeena: «Auzo honetako zuhaitzak ez dira inoiz kimatu eta horregatik dira hain handiak egun. Horrek askotariko arazoak sortzen ditu, tartean, arrisku egoerak: lurra oso irristakor gelditzen da hostoak erori eta euria egiten duenean eta adar handiak erortzen dira batzuetan». Auzo elkarteak zuhaitzez zuhaitz aztertu zuen egoera aditu baten eskutik, zuhaitz bakoitzean egin beharreko lanak jasotzen zituen txosten bat onduz, baina udalak jarraitzen du «zuhaitzak kimatu gabe», Tamayok deitoratu duenez.
Bidebietan behar handiak daude, baina baita etorkizuneko hiriaren eraikuntzan parte hartu nahi duten herritarrak ere
Etxebizitza eta espazio librea
Etxebizitzaren arloan, HAPOaren aurrerakinak planteatzen du ekialdean eraikitzea hiri osoan aurreikusten dituen etxebizitzen erdia inguru; gehienak, Altzan —batez ere, Auditz Akular berdeguneko 3.000 etxebizitzekin—. Proiektu hori «aberrazioa» dela eta «Altza errematatu» egingo duela salatu du Tamayok. Bertan planteatzen dena pixka bat arindu nahian, alternatiba bat jarri du mahai gainean: «Bidebietan, baditugu ia erabilerarik gabeko bi eremu, jabetza publikokoak, etxebizitza babestu ugari jaso ditzaketenak».
Alde batetik, auzoan «ikastetxe horia» izenarekin ezaguna den eraikinari erreparatu dio, Julio Urkixo pasealekuaren eta Juan Carlos Guerra kalearen artean dagoenari: «Oso eraikin handia da eta aztertu beharko litzateke birgaitu daitekeen etxebizitzak jartzeko; bestela, bota eta lursail horretan etxebizitza babestuak eraikitzea izango litzateke proposamena. Bertan, 300 etxebizitza babestu jarri daitezke, gutxienez». Bestetik, frontoiaren ondoan dagoen lursail batean ere jarri du fokua, hori ere jabetza publikokoa eta erabilerarik gabekoa: «Bertan, 80 bat etxebizitza babestu eraiki daitezkeela uste dugu».
Dena ez da porlana izango, ordea. Espazio libreen arloan, hain zuzen ere, proposamen mamitsua mahaigaineratu du Tamayok: «Salvador Allende parkearen bigarren fasea garatu behar da. Parkearen atzealdea, gutxienez, egun erabilgarria den eremuaren bikoitza da; bertan, zuhaitzen artean paseatzeko bideak jarri daitezkeela uste dugu, eta, muinoak aprobetxatuz, ibilbide atseginak eraiki, Mendiolaraino iritsi daitezkeenak. Haurrentzako jolasguneak eta txakurrentzako parke bat ere aurreikusten ditugu parkean, besteak beste. Aisialdirako espazio handi bat irabaziko genuke horrela».
Mugikortasuna hobetzeko beharra
Askotariko proposamenak ditu Bideak auzo elkarteak mugikortasun eta irisgarritasun arloan, auzoaren beharrak ez baitira txikiak: anbulatoriora auzoko edozein eremutik errazago iristeko igogailu edo arrapala mekaniko bat jartzea, Pasai San Pedro hiribidetik pasatzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko disuasio radar bat jartzea eta, Juan Carlos Guerra, Gomistegi eta Azkuene kaleen eremuko aparkaleku arazoak direla eta, soilik kale horietako bizilagunentzako aparkalekuak jartzea Gomistegiko eta Juan Carlos Guerrako erabilerarik gabeko lursail banatan.
Auzo elkartearen bi proposamen nabarmentzen dira, hala ere, mugikortasun arloan. Alde batetik, aparkalekuaren auziari irtenbidea emateko proposamena dago: «Bereziki, La Paz eta Gaiztarro inguruan aparkaleku arazo izugarria dugu, besteak beste, disuasio aparkaleku gisa funtzionatzen duelako auzo honek, Altzak eta Intxaurrondok bezala. Horrela, planteatzen dugu bizpahiru solairuko aparkaleku bat eraikitzea Serapio Mujika kaleko 3. zenbakiaren atzealdean —modu mailakatuan, pareko etxeei argirik ez kentzeko—, egoiliarrentzat soilik».
Bestetik, Mercadonaren iritsierarekin Pasai San Pedro hiribideak jasaten duen ibilgailu zirkulazio handia areagotuko dela aurreikusiz, Gloria Fuertes pasabidea Jose Elosegi hiribidera ateratzeko egokitzea planteatu du auzo elkarteak, Bidebietak beste sarrera eta irteera bat izan dezan. «Hor dagoen haur parkea kendu beharko genuke horretarako, baina, trukean, planteatzen dugu pixka bat atzerago dagoen skate parkea kentzea, egun arazoak ematen baititu askotan, eta bertan haur parke handiago bat sortzea», azaldu du Tamayok.
HAPOak hiri bizigarriago bat eraiki behar du, eta, horretarako, auzo guztien beharrei erreparatu behar die. Bidebietan, periferiako auzo guztietan gertatzen den moduan, behar handiak daude, baina baita etorkizuneko hiriaren eraikuntzan parte hartu nahi duten herritarrak ere.