Hirigintzak Parte Zaharreko legez kanpoko obren espedienteak berraktibatuko ditu
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak udaleko Idazkaritza Juridikoaren txostena onartu du udalbatzarrean.
EH Bilduk eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak aspalditik salatu izan dute Parte Zaharrean nahitaezko lizentziarik edo baimenik gabe egiten direla obrak. Bada, atzo, EH Bilduk udaleko Idazkaritza Juridikoaren txostena eraman zuen Udalbatzarrera, Parte Zaharrean legez kanpoko obrengatik ezarritako zigor espedienteak berraktibatzeko betebehar legala duela ohartarazteko. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak txostenari men egingo diotela erantzun zion koalizio abertzaleari, eta bertan zehaztutakoa partekatzen dutela: “Bat gatoz Idazkaritza Juridikoaren irizpide gorenarekin”.
Hirigintza Plangintzako eta Etxebizitzako zinegotziak ez zituen onartu, ordea, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek “ostalaritzari mesede egitea” leporatu izana. Adierazpen horien aurrean, udalak kontrola mantentzen jarraitzen duela defendatu zuen; eta establezimenduetako toldoen debekua edo biltegi gisa hutsik dauden lokalen erabilera kontrola direla horren erakusle.
Urriaren 3ko txosten juridiko hori eskuratu ahal izan zuen IRUTXULOKO HITZA-k, eta hala dio: “Alkateak, edozein bide erabiliz, ezkutuko obrak edo erabilerak egiten ari direla jakiten duenean, obra edo erabilera horiek berehala eteteko aginduko du”. Arartekoak, halaber, Parte Zaharreko bizilagunei arrazoia eman zien irailean, ebazpenaren harira.