Intsumisoek Santa Klara okupatu zutenekoa
30 urte igaro dira Gipuzkoako intsumisoek Santa Klara uhartea hartu zutenetik. Irla «lurralde desmilitarizatu» gisa izendatu zuen 40 kidez osaturiko taldeak; tartean, bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zeuden hamabost lagunek bilatu zuten babesa.
Santa Klara uharteak, eguneko bisitariak ez ezik, bizilagunak ere izan ditu inoiz. Donostiako gainerako lekuetatik hain hurbil bezain urrun, oasi bat izan da, hiriko zurrunbilotik eskapu, askatasuna eta lasaitasuna bilatu dutenentzat. Baita beste errealitate bat bilatu dutenentzat ere. Halakoa izan zen intsumiso eta antimilitaristen kasua.
1994ko ekainaren 3an, Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko (KEM) kideek hartu zuten uhartea, intsumisoen aurkako epaiketa mordoaren aurrean. 40 bat antimilitaristak osatutako taldea iritsi zen irlara, eta tartean ziren epaiketara ez aurkezteagatik bilatzeko eta atxilotzeko agindupean zeuden hamabost intsumiso.
Idurre Eskisabel kazetariak Egunkaria hedabidean jaso zuenez, «epaiketek gero eta errentagarritasun gutxiago zutela ikusita», epailearen aurretik pasatzeko prozesuari uko egin, bilatzeko eta atxilotzeko agindua jaso eta Santa Klara uhartea hartzea erabaki zuten KEMeko kideek, epaiketa horiek ailegatu baino astebete lehenago: «Jakina denez, debekatuta dago irlan lo egitea, eta lege hauste bat egiten ari garenez, Polizia eta agintariak intsumiso horiek atxilotzera behartzea da gure helburua», adierazi zuten KEMeko kideek uhartea okupatu ostean egindako prentsa agerraldian.
Kanpin dendak jarrita, antimilitaristek askotariko jarduerak antolatu zituzten euren egonaldiak ekintzatik eta entretenimendutik izan zezan. Hala, batzarrez gain, ospakizun eta jai egunak ere izan zituzten, 5,6 hektareako eremu horretan: «Jokoak eta antzerakoak, alde batetik, baina mugimendu antimilitaristaren estrategia azterketa aztertzeko lantalde eta eztabaidak ere bai», jaso zuen Egunkaria-k. Garaiko hedabideetan ikusten denez, kideek argi utzi zuten, atxilotzera etorri bitarte, ez zutela irla abandonatzeko asmorik.
Irlan, gainera, euren errealitatetik at zegoen beste mundu bat irudikatu zuten: «Bertan bizi garen pertsonen artean, ez da desberdintasunik izango; inork ez du goserik pasatuko norbaitek janaria duen artean; ez dira armen bidez pribilegioak ordeko; ez da inongo herriren eskubiderik lapurtuko eta inork ez du bere erantzukizuna agintarien esku utziko…», adierazi zuten KEMeko kideek.
Uhartean hamar egun igaro ostean, estrategia birpentsatzeko eguna iritsi zen. Egunak joan, egunak etorri, bertan jarraitzen zuten, eta agintariek ez zuten euren kontrako neurririk hartzen: «Izan ere, ez Guardia Zibilak, ez itsas komandantziak ezin du ezer egin gure kontra», adierazi zioten aipatutako hedabideari. Hori ikusita, okupazioa hasi eta ia hogei egunera, irlaren okupazioa bertan behera utzi, lehorreratu eta Poliziaren aurrera bertaratzeko asmoa erakutsi zuten.
Tentsio handiko urteak
Golkoko gerra hasi zenetik (1991), 1980ko hamarkadatik zetorren jarrera antimilitaristak indarra hartu zuen Hego Euskal Herrian eta KEMeko kideek askotariko ekintzak egin zituzten. Kalean ez ezik, kartzeletan ere protesta andana izan ziren, errepresio giroa salatzeko. Parodiak, okupazioak, gose grebak, kateaketak… Antimilitaristek askotariko protesta ekintzak egin zituzten, derrigorrezko soldaduskarekin amaitzeko.
Urte batzuen buruan, baina, egoera sostengaezina zen. Ehunka intsumitu preso zeuden, eta, 1997rako, kontzientzia eragozleak gehiago ziren soldaduska egiten zutenak baino. 2001eko abenduaren 31ean iritsi zen derrigorrezko soldadutzaren amaiera, baina intsumisioaren aldeko mugimenduak aurrera jarraitu du helburu antimilitaristarekin.