Juan Mari Arzak, Begoña del Teso, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Chourraut, Urrezko Danborra jasotzeko 98 hautagaien artean
Donostiako Udalak 2025eko Urrezko Danborra jasotzeko behin betiko hautagaitzak aztertzeko eta balioztatzeko prozesua amaitu du, eta 98 hautagaiko zerrenda osatu du. Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagai aukeratu beharko ditu herri bozketa egiteko edo, adostasun handia badago, sariduna izendatzeko.
Guztira 380 pertsona fisiko eta juridikok parte hartu dute prozesuan. Jasotako hautagai zerrendetatik, 42 baztertu dituzte, eta besteak, berriz, taldekatu. Hala, 98 hautagai gelditu dira 2025eko Urrezko Danborraren aukeraketa prozesuan.
Udalak azaldu duenez, baztertuak izan direnak hainbat arrazoirengatik izan dira; “besteak beste, proposatutako hautagaiek izaera juridikorik ez dutelako, sariaren xedearekin bat ez datozelako edo proposamenaren tonu desegokiagatik”.
Askotariko hautagaiak
Hautagaien artean, urteroko legez, lanbide desberdinetako pertsonak eta elkarteak ageri dira. Besteak beste, sukaldariak (Aitor Santamaria, Ander Gonzalez, Andoni Luis Aduriz, Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano, etab.), kazetariak (Aimar Bretos, Ana Terradillos, Begoña del Teso, Dolores Redondo, etab.), bertsolariak (Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdi), abeslariak (Amaia Montero, Fermin Muguruza, Leire Martinez, Javier Gurrutxaga, etab.), kirolariak (Ainhoa Tolosa, Aratz Lakuntza, Maialen Chourraut, Iñigo Llopis, etab.) eta kirol klubak (Bera Bera, Kaiarriba, Kemen, Arraun Lagunak, etab.).
Horrez gain, nazioarteko hainbat pertsona ezagun ere ikus daitezke zerrendan; horien artean, Bruce Springsteen abeslaria eta Johnny Depp aktorea. Hemen ikus dezakezue zerrenda osorik.