Komunikabide hegemonikoetako «errelato patriarkalak» salatu dituzte 'El Diario Vasco'-ren egoitzan
Azaroaren 25aren testuinguruan, El Diario Vasco egunkariaren egoitzaren aurrean elkartu dira Euskal Herriko Gazte Feministak, “medio pribatu eta espainolista ororen errelato patriarkal eta arrazistak politizatu eta salatzeko”. Adierazi dute medio hauek “ez direla informazio iturri soilak, sistema zisheteropatriarkala sostengatzeko aparatuak baizik”.
Hedabideetan albiste dira eraso matxistak, eta hori “garaipen feministen adierazlea” dela azaldu dute, feminismoak indarkeria matxista “desnaturalizatzea lortu” eta “indarkeria sinbolikoa arrakalatzeagatik”.
Ordea, eraso eta erailketa matxistak “kasu isolatu edo arrazoi pertsonalen ondorio gisa” saltzen dituzten errelatoak salatu dituzte. “Izan ere, gizon batek emakume bat erail duela esan beharrean, emakumea hil egin dela entzuten baitugu, erasotzaileari erantzukizuna kendu eta erailketaren marko patriarkala estaliz. Egiturazkoa eta sistematikoa den biolentzia matxista erabat desitxuratuz”, nabarmendu dute.
Halaber, adierazi dute hedabide horiek erasotzailea “gizon zoro, irrazional eta ezezagun gisa” kokatzen dutela, “bikotekidea, aita, osaba edo kuadrillako laguna erasotzailea izatea pentsaezina bilakatuz”.
Gainera, erasotzailea arrazializatua denean, “bere jatorria azpimarratu eta hala, arrazismoa zabaltzen duten medioak” salatu dituzte. “Gizon arrazializatuen kasuan omen da soilik sistemikoa erasotzaile izatearena”, adierazi dute. Modu honetan komunitate osoen estigmatizazioa eta estereotipo arrazistak bultzatzen dituzten narratibak sortzen dituztela azaldu dute.
Narratiba horietan, polizia “salbatzaile gisa” aurkeztu ohi dela ere aipatu dute. “Baina horren helburu argia poliziak beraien gorputz eta bizitzen aurka erabiltzen duen indarkeria estaltzea da. Erasoen identifikazio, salaketa eta kudeaketan mugimendu feministak egiten duen lanari aitortza kendu eta polizien lana goraipatzen dute, benetan poliziak salaketa momentu eta prozesu judizialak oztopatzeko”, deitoratu dute.
Adierazi dute narratiba patriarkaletan “sistematikoak bailiran bezala” ematen dela salaketa faltsuen berri. Ordea, badakitela salaketa faltsuak ez direla arazo, salaketa sozial nahiz judizialak egin ezin izatea baizik, “prozesuko birbiktimizazio eta biolentziaren ondorioz”.
“Alternatiba feministak”
Medio hegemonikoek zabaltzen duten errelato patriarkal eta arrazisten aurrean, “alternatiba feminista” antolatzeko deia egin dute. “Hedatu nahi duten beldurraren bidez ez dute lortuko feministak geldiaraztea. Euskal Herriko Gazte Feministek izu eta menderakuntzaren saiakerari, boteretze kolektiboz erantzungo diete”, azaldu dute.