Parisko Jokoetako kirolariek piztuko dituzte Gabonetako argiak
Iñigo Llopisek, Fernando Mitxelenak, Pau Etxanizek eta Miren Lazkanok, Maialen Chourrautekin batera, Gabonak piztuko dituzte datorren ostiralean udaletxeko terrazatik.
Gabonak ate joka ditugula, Donostiako Udala hasi da urteroko hasiera ekitaldirako prestatzen. Aurten, Parisko jokoetan parte hartu duten kirolari donostiarrek emango diote ongietorria. Maialen Chourraut, Pau Echaniz, Fernando Mitxelena, Miren Lazkano eta Iñigo Llopis izango dira udaletxeko terrazan, eta haiek piztuko dituzte Gabonetako argiak. Ekitaldiarekin bat Eguberrietako azoka irekiko dute, eta abian jarriko dute sei astez luzatuko den aisialdi eta kultura programa.
Aurreko urteetako kokalekua aldatuta, aurten, Alderdi Ederrek bereganatuko du Gabonetako ekitaldi nagusiaren protagonismoa. Nolanahi ere, arratsaldean zehar, askotarikoak izango dira jarduerak, Erdialdeko eta Groseko hainbat puntutan; 19:00etan, Ramon Labaien plazan, Pedro Miguel Aguinaga biolin jotzaileak emanaldia eskainiko du; 19:30ean Gabonetako Bola handiko lehen musika emanaldia egingo dute Kursaalaren inguruan; eta 20.00etan, Gabonetako Merkatuko Igluan lehen kontzertua eskainiko dute Sara Grajal eta DJ Pikunhak.
Ekitaldi nagusian, berriz, Mikel Erentxun abeslariak Navidad bere album berria aurkeztuko duela iragarri dute udaletik, eta tartean “sorpresaren bat” duela prestatuta. Ondoren, Pariseko Olinpiar Jokoetako donostiarrek Gabonak argituko dituen botoia sakatuko dute, eta Alderdi Eder Baso Argiztatu bilakatuko dute. Ekitaldia 300 dronen ikuskizunarekin amaituko dute, Kontxako badian. Antolatzaileek iragarri dutenez, eguraldiagatik dronen ikuskizuna ikuskizuna bertan behera gelditzen bada, larunbatera, hilak 30, atzeratuko dute.
Berrikuntzak argiztapenean
Orotara, 500 argi elementu baino gehiago jarriko ditu udalak aurtengo Gabonetarako: 175 arku, 181 farola, 216 zuhaitz dekoratu, 2 fatxada, zoruko 13 elementu eta argiztapeneko 30 elementu berezi izango ditu, eta egunero argiztatuko dira, 17:45etik 23:00etara. Berrikuntza nagusi gisa, Zurriola hiribideak Argi Bola izango du. Argi ikuskizun gisa funtzionatzeaz gain, muska sintoniak ere izango ditu, ordu erdiro.
Era berean, aurten 20 metro garai den Izei argitsuak kokapen berria izango du, udaletxeko terrazaren aurrean; Gabonetako 4 almendrondo jarriko dituzte terrazan bertan, Viktoria Eugenia antzokiko argiztapena berrituko dute, Gabonetako etxola berria jarriko dute, noria alboan.
Azoka eta feria
Aurten inoiz baino Gabonetako etxola gehiago izango dira eta elikadura kornerra jarriko dute hainbat posturekin. 65 etxolak, Urumea pasealekuaren eta Ramon Labaien plazaren artean banatiko dituzte, aurreko urteetan egin duten moduan.
Gabonetako feria, berriz, hilaren 15etik dago martxan. Honezkero, 32 metroko altuera duen Noria biraka dabil egunero Alderdi Ederren, eta bertan mantenduko dute, otsailaren 2ra bitarte. Eguberrien kanpaina betean gainera, Federico Garcia Lorca pasealekuko Trineo arrapala eta Cervantes plazako Gabonetako Trena gehituko zaizkio. Berrikuntza nagusia Ramon Labayeneko pinua izango da, Gabonetako dekorazioarekin. Bi azoka izango dira, etxeko txikien gozagarri.