Bertan behera utzi dute igandeko maratoia, haize boladengatik
Bihar, igandea, haize bolada gogorrak espero direnez, antolatzaileek bertan behera utzi dute Donostia 2024 Maratoia. «Proba distantzia guztietan baliogabetu dela jakinarazi behar dugu, agintariek emandako muturreko alerta meteorologikoak direla eta”, iragarri du ohar batean.
“Aurreikuspenen arabera, hego ekialdeko haize boladak 120 km/h-tik gorakoak izango dira Kantauri isurialdeko haizeguneetan, bereziki ekialdean, eta horrek arrisku larria dakar parte hartzaileen, boluntarioen, ikusleen eta antolakuntzan parte hartzen duten langile guztien segurtasunerako”, gaineratu dute antolatzaileek. “Gure konpromiso nagusia ekitaldi honetan parte hartzen duten pertsona guztien osotasuna eta ongizatea bermatzea da, eta, zoritxarrez, egoera horretan, ezin dugu ingurune seguru bat ziurtatu”.
Erabaki hori “larrialdi eta meteorologia zerbitzuen eta tokiko agintarien debekuaren ondoren hartu da, eta segurtasuna beste edozein kontsiderazioren gainetik lehenesteko beharrari erantzuten dio. Badakigu zein ilusio, ahalegin eta sakrifizio jarri duzuen lasterketa honetan, eta egoera honek tristuraz betetzen gaitu”.
Datozen egunetan, antolakuntzak jakinarazi du izena eman duten guztiekin harremanetan jarriko dela jarraitu beharreko urratsei buruzko informazio zehatza emateko.