120 ekitalditik gora antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 120 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira azaroaren 27tik abenduaren 3ra Donostian, Euskararen Hirian. Urtean zehar euskara sustatzeko lanean diharduten hamaika auzotako euskara batzordeez gain, beste bost auzotan ere Euskararen Eguna antolatzeko taldeak sortu dira. Euskararen Eguneko jardueren egitaraua hirian aurrera eramateko, elkarlanean aritu dira auzoetako euskara batzordeak, Bagera elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua.
Jarduera horiek guztiak ezagutzera emateko, auzo bakoitzeko egitarauarekin esku orriak eta kartelak argitaratu ditu Euskara Zerbitzuak, eta auzoetan banatu dituzte jada; kultur etxeetan, kiroldegietan, gaztelekuetan, haur txokoetan, jubilatu elkarteetan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta auzo elkarteetan, besteak beste. Leku horietan ez ezik, donostiaeuskaraz.eus webgunean ere izango da eskuragarri auzoetan izango diren ekintzen gaineko informazioa auzoka zein egunez egun antolatuta.
“Auzoetako batzordeek egin duten lana goraipatu beharra dago. Guztira, 53 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori kopuru garrantzitsua da oso. Elkarlanaren emaitza izan da”, adierazi du Euskara zinegotzi Jon Insaustik.
Era guztietako jarduerak
Jarduera sorta zabala eta askotarikoa prestatu dute auzoek datozen egunetarako: batetik, kultur jarduerak (antzezlanak, film proiekzioak, hitzaldiak, liburu irakurketak, kantu-jirak, bertso saioak, kontzertuak, eta abar); bestetik, helduen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, mahai jokoak, tailerrak, lehiaketak…), eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak (ipuin kontalariak, pailazoak, buruhandi eta erraldoiak, jolasak, txokolate janak, Euskaraokea, disko-festak, puzgarriak eta abar).
120 jardueretatik batzuk nabarmendu nahi izan ditu Insaustik: “Plazara Goaz-en 25. urteurrena erakusketa, Intxaurrondoko euskara elkarteak azken 25. urteotan egindako lana biltzen duena; Intxaurrondon bertan Pirritx eta Porrotx pailazoak; III. Euskaldun Peto Lehiaketa Igeldon; bakarrizketa saioak Añorgan eta Parte Zaharrean, mintzodromoak Altzan, Amara Berrin eta San Telmon; ; Etorri mugikorra euskaraz konfiguratzera informazio mahaia Grosen; eta kantu-jirak, kale animazioa, era askotako bertso saioak eta umeentzako ekitaldiak ia auzo guztietan”.
Abenduak 3
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da, eta egun horretan mintzodromoak egingo dituzte San Telmo museoan. Horrekin batera, Pantailak Euskaraz-en Urak eginen du bide dokumentala eta Barrexerka taldearen Nahastumbury antzezlana eskainiko dira saio berean, 19:00etan hasita.
Bestalde, egun horretan, Donostiako Udaleko Turismo Sailak Euskara Plazara jokoa banatuko du bulegora hurbiltzen diren bisitarien artean. Jokoa sare sozialetan aurkeztu zuten eta abenduaren 2a arte egongo da eskuragarri. Jokoan parte hartu eta posta elektronikoa uzteagatik, Turismo bulegoan diren Euskal Imanak eskuratuko dituzte jokalariek. Azkarrena irabazle; beraz, prestatu begi eta atzamar horiek eta jolastera!
Gozaldia Eguna
Azaroaren 30ean Gozaldia Eguna antolatuko da Euskal Herriko hiri eta herri askotan Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dela ospatzeko. Donostiako auzo guztietan ekintza sorta handia eta askotarikoa prestatu da herritarrek euskararekin gozatu dezaten.