Kaleak hartu ditu mugimendu feministak: «Ez bazara konponbidea, arazoa zara!»
Mugimendu feministak Donostiako kaleak hartu ditu aurten ere, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren bueltan. Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Lotsa bandoz aldatuko da lelopean, ehunka feminista mobilizatu dira Bulebarretik abiatu den manifestazioan, eta indarkeria matxista salatuz eta antolakuntza zein autodefentsa feminista aldarrikatuz zeharkatu dituzte Erdialdeko kaleak. Ohiko legez, Donostiako Emakumeen Etxeko batukadak ere parte hartu du manifestazioan, eta neska* gazteen blokea ere bertan izan da.
Bulebarrean amaitu dute manifestazioa, eta, aurten Euskal Herrian erailak izan diren emakumeak gogoan edukiz abiatu dute irakurketa: “Gogora ekarri nahi ditugu 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak. 130 dira jada, duela 21 urte Emakumeen Mundu Martxako kontagailua martxan jarri zenetik”. Horrela, argi adierazi dute “zoritxarrez” asko direla “mobilizatzeko arrazoiak”: “Jendartean erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak, komentarioak, txisteak…”.
Ildo beretik, ardurak hartzera deitu dute gizarte osoa: “Urteak daramatzagu gauza berdinak aldarrikatzen eta zoritxarrez aldaketak oso motel datoz. Ardurak hartzeko unea da, guztiontzat!”. Halaber, irmoki salatu dute gizonen konpromiso falta: “Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak. Arazoa zarete lagunartean txiste eta komentarioak mozten ez dituzuenean. Arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen edo errua guregan jartzen duzuenean. Arazoa zarete erasotzailea seinalatu bai baina zuen jokaerak errebisatzen ez dituzuenean. Arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean. Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue”.
Hedabide askoren jokabidea eta jarduna ere gogor salatu dute: “Komunikabideek ere paper garrantzitsua jokatzen dute indarkeria matxistaren erreprodukzioan, errua erasoa pairatu duenarengan jarriz, tertulietan zilegitasun osoz iritzia emanez, kasu bakoitzean xehetasun morbosoak azaleratuz… Sare sozialak gaur egun sare eta babesleku ere izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko eta gorputzak kontrolatzeko bitarteko ere badira. Indarkeria forma berriak hartzen ari da espazio birtualean, eta espazio horietan ere autodefentsa tresnak birpentsatu beharko ditugu”.
Era berean, erakunde publikoei ere ardurak hartzeko exijitu diete: “Prebentzio programak behar ditugu, hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasoak pairatzen dituztenentzako baliabide erreal eta efektiboak. Ez dugu Polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi. Justizian benetako inbertsioa behar dugu, programa integralak bermatuko dituena, erreparaziorako bitartekoak jarriko dituena”.
Arrazismoaren aurka eta Palestinaren alde
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, halaber, feministak ez dira Palestinarekin ahaztu: “Indarkeria areagotu egiten da hamarkadetan zehar politika sionisten kolonizazioa jasaten ari bazara, Palestinako emakumeen kasuan bezala. Hemendik elkartasuna adierazi nahi diegu guztiei”.
Bestalde, azkenaldian Donostian zein nazioartean ugaritzen ari diren diskurtso arrazistei aurre egin diete: “Gogor salatu nahi ditugu indarkeria matxistaren aitzakian zabaltzen eta indartzen ari diren jarrera eta diskurtso arrazistak. Segurtasunaren izenean zabaltzen direnak bezalaxe. Ez dugu nahi, ezta behar ere, ‘zainduko’ gaituen Polizia gehiagorik”.
Greba feministatik urtebete
Antolakuntza eta autodefentsa feministaren aldeko aldarrikapenekin amaitu dute mobilizazio jendetsua, baita kalera ateratzeko arrazoirik falta ez dela gogoratuz ere: “Hurrengo astean ere, izango dugu kalera ateratzeko nahikoa motibo. Izan ere, azaroaren 30ean urtebete igaroko da greba feminista orokorra antolatu genuenetik, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde. Egun dugun sistema ere indarkeria delako eta desberdinkeria betikotzen duelako. Badugu nahikoa motibo kalean jarraitzeko. Gaur ozen diogu: ez bazara konponbidea, arazoa zara”.