Kalean da La Txamaren lehen diskoa
La Txama donostiarrek argitaratu dute, azkenean, euren lehenengo albuma. Urte hasieran astindu zuten panorama, euskal korrido tumbado-en lehenengo taldea izanik. Musa13 kanta argitaratu zuten lehenik, eta ostean, beste hiru single. Baina horietako bakarra dago albumean, beraz, entzuleak zortzi kanta berri ezagutuko ditu.
Aitor Valcarlosek, Pello Armendarizek eta Peye Honeyk sortu zuten taldea, baina hainbat izan dira kide aldaketak. Izan ere, La Txama taldea izateaz gain, komunitate bat ere bada, eta kontzertu bakoitzean kide ezberdinak ikusten ditugu oholtza gainean.
Balaunka disketxearekin batera argitaratu dute lana eta fisikoan Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da. Udaran hainbat kontzertu egin ostean, atseden txiki bat egingo dute eta 2025 hasieran itzuliko dira kontzertu bira sendo batekin euren proiektu egonkortua aurkezteko asmoz.