«Matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa» aldarrikatu du Itaiak
Azaroaren 25eko Indarkerian Matxistaren Aurkako Egunaren bueltan, Itaia emakumeen antolakunde sozialista kalera atera da Donostian, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! Emakume langileok sozialismoa eraiki lelopean. Mugimendu feministak deitutako manifestazioa baino ordu erdi lehenago abiatu da Itaiarena Bulebarretik, eta emakume langileak antolatzera deituz zeharkatu dituzte kaleak, beste aldarrikapen batzuen artean.
Manifestuaren irakurketan, argi adierazi dute “borroka eguna” dela azaroaren 25a, eta “enpresek eta erakundeek beraien aurpegi zuriketarako” erabiltzea salatu dute. “Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin aldarrikatuko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu”, gehitu dute. Era berean, indarkeria matxistak eraildako eta erasotako emakumeak gogoan izan dituzte.
Bestalde, mundu osoan ultraeskuina indarra hartzen ari dela gogorarazi dute, baita horrek “matxismoaren normalizazioa” dakarrela ere. Halaber, “matxismoa ukatzen duten horiek” indarkeria matxista kasuak “arrazismoa zabaltzeko” erabiltzen dutela salatu dute. “Politikari profesionalen itxurakeriak kaleko mobilizazioa instituzionalizatzea besterik ez du ekarri”, gaineratu dute.
Horrela, “egoera honekin amaitzeko zapalkuntzarik gabeko gizarte baten eraikuntza beharrezkoa” dela nabarmendu dute, eta horretara deitu dituzte emakume langileak: “Matxismoarekin behin betiko amaitzeko berme bakarra sozialismoaren eraikuntza da […]. Emakume langileok lehen lerroa hartu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatu behar dugu”.