Udalak indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileak gaitzetsi ditu
Udaleko alderdi guztiek Donostiako herritarrak deitu dituzte arratsaldeko zazpietan abiatuko den manifestazioan bat egin dezaten.
Donostiako Udalak adierazpen bateratua egin du gaur goizean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean. Udal talde guztiek euren gaitzespen irmoa adierazi dute indarkeria matxistaren aurrean, eta gogorarazi dute gizartearen egiturazko arazo bat dela. Horren aurrean, mugimendu feministarekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu eta arratsaldeko manifestazioan mobilizatzeko deia luzatu dute.
Adierazpenean, Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera izan dira Ane Oiarbide, Berdintasun zinegotzia; Olatz Yarza, Mugikortasun zinegotzia, Juan Karlos Izagirre, EH Bilduren bozeramailea, Iñaki Gabarain, PSE-EEko zinegotzia, Vanesa Velez, PPren ordezko bozeramilea eta Arantza Gonzalez, Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotzia.
Aurten, indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan jarri nahi zian du arreta udalak. Udal taldeek gogorarazi dutenez, ultraeskuinaren hazkundeak bultzatuta, azken urteotan indarkeria mota hori ezerezera eraman izan da, emakumeen eskubideetan atzerapauso handiak emanez: “Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko”.
Era berean, kezkatuta agertu dira, sentsibilizazio lan handiagoa egin arren, gizon gazteengan mezu misoginoak ugaritzen ari baitira: “Indarkeriak ez duela generorik, asmakizun ideologikoak direla eta eta berdintasun politikak urrunegi iristen ari dela gisako mezuak jasotzen ari dira”.
Halako diskurtsoen aurrean, gizarteak egiturazko arazo bat duela gogoratu du udalak, eta udala erakunde publikoa den aldetik, ezinbesteko duela pauso bat ematea. Bide horretan, dozena erdi inguru konpromiso zehaztu ditu: indarkeria ukatu edo hutsaldu nahi duen edozein diskurtso baztertzea; Berdinsarea indartzea eta sare berriak sortzea zurrumurru misoginoei eta indarkeriari aurre egiteko eta mutil gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak sustatzea.
Konpromiso horien artean, halaber, hezkuntzan jarri dute fokua. Hala, jarrera ukatzaileen aurrean, eskoletako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, eta eskola curriculumean ere esku hartzeko konpromisoak ere jaso ditu.