Metro koadroko 5.613 eurorekin, etxebizitzaren prezioak gora egiten jarraitzen du Donostian
Gipuzkoan, metro koadroaren prezioak gora egiten jarraitzen du. Lurraldean, batez besteko prezioa 3.496 eurokoa da; Donostian berriz, 5.613 eurokoa.
Donostian, etxebizitzaren batez besteko prezioa metro koadroko 5.613 eurokoa da. Hala adierazi du Gipuzkoako Higiezinen Merkatuko hirugarren hiruhilekoari dagokion txostenak. Lurralde historiko osoaren antzera, goranzko joeran jarraitzen du hiriburuak, eta erregistroak daudenetik mailarik altuenera iritsi da etxebizitzaren prezioa.
Txostenak aste honetan adierazi duenez, baina, etxebizitzaren prezioaren hazkundeak ez ditu erosle potentzial asko geldiarazi. Iaz data berdinetan baino %20 etxebizitza gehiago erosi dituzte azken hilabeteotan: 489 etxebizitza izan dira azken hiruhilekoan, eta urtea hasi zenetik, 1592 zenbatu dituzte.
Gipuzkoan, berriz, urteko hirugarren hiruhilekoan, 1.971 salerosketa izan dira, iaz baino % 8,5eko gehiago. Azken hiruhilekoan izan diren etxebizitza eskualdaketei dagokionez, bestalde, % 57,66 salerosketa bidez egin dira, % 24,97 herentzia bidez, % 1,24 dohaintza bidez eta % 16,13 beste eskualdatze titulu batzuen bidez.
Alokairua
Gipuzkoan indarrean dauden alokairuko kontratuak 30.000 inguru dira; horietatik, 29.831 dira ohiko alokairurako; 1.147, berriz, sasoiko alokairu formatuan eskaintzen dituzte. Nolanahi ere, alokairu kontratuen zenbatekoak eta alokairuan eskaintzen diren etxebizitzen kopurua gero eta baxuagoa da lurralde historikoan zein hiriburuan.
Gipuzkoan alokairuan eskainitako etxebizitzen kopurua 435 izan da hirugarren hiruhilekoaren amaieran, urte arteko %3,8ko jaitsierarekin. Donostian, berriz, 350 etxebizitza izan ditu, iaz baino zertxobait gutxiago.
Gipuzkoako Higiezinen Merkatuarekin batera argitara eman Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko etxebizitza libreen alokairuaren egoerari buruzko datuak. Ohi moduan, prezioen gailurrean kokatu da Donostia, batez beste 1.000 eurotik gorakoa baita hiriko alokairuaren prezioa; zehazki, indarrean dauden alokairu kontratuen batez bestekoa 1.005 eurokoa da hilean.
Donostian, sei auzotan ordaintzen dira hilean 1.000 eurotik gora: Aiete-Lugaritzen, Amara Berrin (Loiolako Erriberak eta Morlans barne), Antiguan (Benta Berri eta Ondarreta barne), Erdialdean, Grosrn eta Ibaetan (Errotaburu, Berio eta Lorea barne). Batez besteko preziorik altuena Aieten erregistratu da, batez beste 1.182,8 euro ordaintzen baitituzte hilean.