'Ai gure juaneteak': Laboaren musika antzerki bihurtuta
Patxo Telleriaren azken lana Donostian ikusi ahal izango da larunbatean: 'Ai gure juaneteak'. Mikel Laboaren musikan oinarrituriko ikuskizuna da, antzerkia eta musika uztartzen dituena.
Basaurin estreinatuko dute ostiralean, eta larunbatean (hilak 30) helduko da Donostiara Ai gure juaneteak ikuskizuna, Tartean Teatroa konpainiaren eskutik. Antiguako Lugaritz Kultur Etxean taularatuko dute, Imanol Lartzabal aretoan, 19:30ean; sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai, 10 euroan.
Patxo Telleria zuzendari eta aktorearen azken lana da Ai gure juaneteak, antzerkia eta musika uztartzen dituena. «Taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore. Hitzaren eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea ere musikari bihurtzen da tarteka. Musikaren eremua musikariena da. Baina musikariak ere ikuskizunaren partea dira, eta honenbestez, aktoreak», azaldu du konpainiak.
Izan ere, ikuskizuneko testua Mikel Laboa musikari donostiarraren musikan oinarritu du Telleriak: «Laboaren zenbait kantaren letren berrinterpretazio erabatekoa da, gaur egungo neure ikuspuntutik. Hegazti errariak, Izarren hautsa, Bedeinkatua, Negu Hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Haika Mutil, Baga biga higa, Ihes betea… Hamarkadak pasatu dira kanta horiek konposatu zirenetik eta ez dute galdu orduko indarra eta zirrara. Eta horrexegatik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako, izan dut kantok berregituratzeko, berkodifikatzeko ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako». Horrez gain, Jose Luis Zumeta margolariaren iruditeria erabili dute eszenografiarako.
Telleriaz beraz gain, Adrian Garcia de los Ojos (musika zuzendaria) eta Maider Lopez musikariak ere egongo dira oholtza gainean. Bestalde, Jokin Oregi da zuzendari eszenikoa. Donostiako emanaldiaren ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotan ikusi ahalko da obra.