Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Duela astebete zabaldu zen Instagrameko @denuncias_euskalherria kontua, eta, ordutik, dozenaka testigantza anonimo jasotzen ari dira. Atzo, Donostiako teknikaria den eta ekoizpen lanetan dabilen Iñaki Castroren erasoen inguruko salaketa bat zabaldu zuen kontuak. Albiste hau idazterako orduan, hamazazpi dira zabaldutako mezuak. Kasu guztietan, “jazarpen” eta “eraso” berdintsuak aipatzen dira, eta “modus operandi” berdinaz hitz egiten dute.
2020an hainbat emakumek salatu zuten Castro, eta hilabete batzuen ondoren, Dabadaban lan egiteari utzi zion, baita garaian jotzen zuen musika taldeetan jotzeari utzi ere. Edonola ere, eta lan publikoaren zati bat egiteari utzi bazion ere, oraindik aktibo dago lanean hiriko eta Euskal Herriko hainbat jaialditan, hala nola, Dantz festibalean, Boga Bogan, Glad is the dayn, Kutxa Kulturren eta BIMEn, beti ere, bere enpresa propioaren bidez.
Sareetan, erabiltzaile askok zabaldu dute gauza “jakina” zela —hain zuzen, gutxienez 2020tik hainbat salaketa zituelako—, eta salatu dute Donostiako jaialdiek entzungor egitea.
Salaketa Euskal Herrian
Duela astebete sortu zen Instagram kontua, eta dagoeneko dozenaka emakumek eman dituzte testigantza anonimoak. Mota honetako salaketek indarra hartu dute azken hilabeteetan, batez ere, Espainiako Estatuan, Iñigo Errejon politikariaren gisako kasuen harira.