Elkarrekin Donostiak eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote 2025eko udal aurrekontu proiektuari
Etxebizitzan eta ingurumenean jarri du fokua Elkarrekin Donostiak, bereziki. Bestalde, PPk, besteak beste, Donostiako Piraten diru laguntza "doitzea".
Donostiako Udal Gobernuak 2025erako udal aurrekontu proiektua aurkeztu zuen urrian, 517 milioi euroko aurrekontu proiektua. Udal taldeek zuzenketak proposatu ditzakete, eta, hain zuzen ere, Elkarrekin Donostiak eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte; EH Bilduk bihar emango du bere zuzenketen berri.
Elkarrekin Donostiak salatu du “aurrekontu hauek betiko interes pribatuen mesedetan jarraitzen dutela, herritarren benetako beharrak alde batera utzita”. Osoko zuzenketaz gain koalizio aurrerakoiak 101 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, guztira 8,5 milioi euroko zenbatekoarekin, “baliabideak herritarren eta interes orokorraren aldeko politiketara bideratzeko helburuarekin”.
PPri dagokionez, aurrekontu proiektua “kontinuista” dela salatu du, eta “donostiarrei esfortzu gehiago eskatzean” oinarritzen dela, “baina euste neurririk gabe”. Halaber, Borja Corominas bozeramaileak nabarmendu du osoko zuzenketa bat aurkezteko arrazoietako bat honakoa dela: “Kontuak ezin dira koadratu. Illarra eta Ereski eremuetan udalaren aurkako epai bat dago, eta epai horrek eragotzi egiten du 2025eko ekitaldian gutxienez 13 milioi euro ingresatzea, udalak dagoeneko diru sarrera gisa kontabilizatu baitu dituenak, 2025eko aurrekontu proiektuan”.
Elkarrekin Donostiaren proposamenak
Elkarrekin Donostiako bozeramaile Victor Lasak etxebizitzaren arloan jarri du fokua, besteak beste: “Beharrezkoa da alokairuko etxebizitza publikoen parkea handitzea, gaur egun %4an baitago, Europako batez besteko %9tik oso urrun. Onartezina da gobernu honek etxebizitzarako sarbidearen drama ezinbestean onartzea, egoera hau iraultzeko tresnak izan arren”.
Bestalde, klima aldaketarekin konpromiso falta leporatu dio udal gobernuari: “Zuzenketan azpimarratu da aurrekontuaren %2 baino gutxiago bideratzen dela egokitzapen eta arintze ekimen konkretuetara, Klima 2050 Plana betetzeko behar denetik oso urrun”.
Era berean, aurrekontuetan “zerbitzu publiko kalitatezkoak bermatzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealari lehentasuna ematea ezinbestekoa” dela gaineratu du Arantza Gonzalez zinegotziak, “baliabideak lege eta etika helburuekin bat etor daitezen”. “Elkarrekin Donostiak aurrekontu batzuen alde egiten du, herritarrengan eta hiriaren etorkizunean arreta jarriko dutenak: alokairuko etxebizitza publiko gehiago, benetan jasangarria izango den mugikortasuna, kalitatezko zerbitzu publikoak eta klima aldaketaren aurkako neurri ausartak”, gehitu dute zinegotziek.
PPren proposamenak
Alderdi Popularrari dagokionez, 28 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, 3.624.674. euroko balioarekin. Gehienak, hiri mantentze lanekin, ekipamenduekin eta hirigintza lanekin dute zerikusia.
Hala ere, badaude proposamen adierazgarri batzuk, hala nola, Donostiako Piratei dagokiena. Izan ere, behin baino gehiagotan egin duten moduan, udalak mugimenduari ematen dion diru laguntza “doitzea” proposatu dute eskuindarrek.
Halaber, udaltzainentzako taser pistolak erosteko 70.000 euro bideratzea proposatu dute, besteak beste.