«Kalitatezko» osasun publikoa aldarrikatu dute Egian, anbulatorioaren aurrean
“Kalitatezko” osasungintza publikoaren aldeko elkarretaratzea egin dute Egian, anbulatorioaren aurrean. 50 bat lagunek egin dute bat Egia Bizirik auzo elkartearen deialdiarekin, eta horrez gain, anbulatorioko pare bat langile ere batu dira kontzentraziora, eta baita DOPA plataformako hainbat kide ere. Gaur izan da lehen elkarretaratzea, baina abenduan beste hiru egingo dituzte, auzoko anbulatorioko murrizketak salatzeko.
“Osakidetzak arazo asko ditu, badakigu, baina Egiako anbulatorioan arazo horiek areagotu egin dira. Orokorrean, udan egin zuen okerrera egoerak. Adibidez, hainbat hilabetez pediatriarik gabe egon gara, eta momentu honetan pediatra bat badago ere, hilabete bakarreko kontratua du”, azaldu dute auzo elkarteko kideek.
Gaineratu dute sendagileen bajak ez direla ordezkatzen, eta hamar mediku izan beharrean, “sistematikoki”, zazpi edo zortzi daudela. “Horrek auzotarrak aurrera eta atzera ibiltzea dakar. Adibidez, pediatriaren kasuan, guraso batzuek ospitalera joan behar izan dira kontu arin bategatik”, salatu dute. Murrizketen eraginez, zitak atzeratzen direla ere nabarmendu dute, eta gaixotasun kronikoen jarraipena ez dela “egin beharko litzatekeen bezala” egiten. “Gabezia asko daude”, nabarmendu dute auzotarrek.
Horri konponbidea eman nahian, kanpaina bat abiatu dute Egia Biziriketik, eta momentuz lau kontzentrazio egingo dituzte, asteazkenetan. Gainera, informazioa zabaltzen joango dira bizilagunen artean, “egoera konplexua delako”, eta bizilagunen kexak sustatuko dituzte. “Familia askok, amek batez ere, dagoeneko kexa asko jarri dituzte anbulatorioan, 100 bat edo”, adierazi dute.
Hurrengo elkarretaratzeak abenduaren 4an, 11n eta 18an egingo dituzte, 12:00etan.