Prest daude Txaparreneko kalistenia eta parkour pistak
Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko kirol ekipamendu berriak inauguratu ditu udalak, lehen skate parkea zegoen tokian. Kalistenia eta parkour pistak Donostia Kirolak jarri ditu, 74.000 euro inbertituta, aurrekontu parte hartzaileetatik bideratuta.
Kalistenia pistak hamabi elementu ditu, 100 metro koadroko eremu batean. Barra paraleloak, dominatuetarako barrak, flexioetarako aparatuak, abdominalak, eraztunak eta bestelakoak instalatu dituzte, hain zuzen ere.
Parkour pistari dagokionez, 150 metro koadroko esparru batean eraiki dute, eta hainbat forma eta tamainatako hormigoizko hamasei modulu instalatu dituzte, baita jarduera hori egiteko metalezko egitura bat ere. Horrez gain, ping-pong mahai bat ere jarri dute inguruan.
Udalak azaldu duenez, “kalisteniako eta parkourreko pista berri horiek, Donostia Kirolaren hiri kirola sustatzeko estrategiari erantzuten diotenak, Intxaurrondo auzoko aire zabaleko kirol gune handi bat osatzen dute, Txaparreneko frontoiak eta kirol pistak dituena, baita ondoko Arrobitxulo parkeko pump track, parke bio osasungarria eta bolatokia ere, hori guztia bidegorriaren bidez komunikatuta”.