John Primer bluesaren mitoa arituko da Mojo Workin' jaialdian
2025eko Mojo Workin' jaialdiko kartela iragarri dute; bi egunez, musika beltzez beteko da Dabadaba aretoa.
Musika beltzaren zaleentzako albiste ona: iragarri dute 2025eko Donostiako Mojo Workin’ jaialdiko kartela. John Primer, Micky and The Buzz, Rocksteady Got Soul Revue eta The Magnetophones arituko dira, baita hainbat DJ ere. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira, eta, bukatzean, goizeko ordu txikietara arte egongo dira DJ saioak Le Bukowskin. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko: fisikoak Amara Berriko Art Cafe tabernan —solteak 30 euroan eta abonamenduak 52 euroan— eta digitalak hemen, apur bat garestiago.
Martxoaren 21ean eta 22an izango da jaialdia; kontzertuak Dabadaban aretoan izango dira eta DJ saioak Le Bukowski tabernan. Ostiralean, martxoaren 21ean, Rocksteady Got Soul Revue talde jamaikarra izango da kontzertu nagusia, doinu jamaikarrak eskainiko dituena, baita soula ere. Hiru musikari jamaikar mitikok osaturiko taldea da: Keith & Tex bikoteak eta Rudy Millsek. Bestalde, egun horretan, The Magnetophones reggae, ska eta soul talde zaragozarra ere igoko da oholtzara.
Larunbatean (martxoak 22), bluesa izango da nagusi Dabadaban. Hain zuzen ere, John Primer blues musikari historikoa igoko da oholtzara; 80 urte inguruko musikaria estatubatuarra Chicagoko bluesaren erreferenteetako bat da, Muddy Waters, Junior Wells, Willie Dixon eta Magic Samen moduko bluesman mitikoekin aritutakoa. Gau berean, Micky and The Buzz blues eta rockabilly talde bilbotarra arituko da. Micky Paiano abeslari italiarra da taldeko burua, eta bluesa jotzen badute ere, punk jarrera duen taldea da; ikuskizuna ziurtatuta dago.
Gure Gauza elkarteak antolatzen du jaialdia, Arkaitz Kortabitarte Punko buru, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. 2010ean sortu zen, 1960ko hamarkadako Amerikako Estatu Batuetako rhythm & bluesa eta soula Donostiara ekartzeko helburuarekin, eta hori egin zuen 2019ra arte, etengabe handituz eta estilo horretako zaleen artean erreferente bihurtuz. 2020an, hamaikagarrenez egitekoak ziren, baina jaialdiaren asteburuan bertan konfinamendua ezarri zuten, koronabirusaren pandemiarengatik. Hori dela eta, bertan behera utzi zuten dena, eta horrek galera ekonomiko handiak eragin zizkien antolatzaileei. Iaz, ordea, jaialdi maitatua berreskuratu zuten.