Lore eskaintza batekin oroituko dituzte Hiesaren biktimak abenduaren 1ean
Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu abenduaren 1ean, Hiesaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Egunaren harira. Udalak Musika eta Dantza Eskolarekin eta Acasgi, Harribeltza, Gehitu eta Ehgam elkarteekin batera egingo ditu jarduera horiek.
12:00etan, lore eskaintza egingo diete Hiesaren biktimei memorialean, Kalkutako Teresa plazan. Jarraian, 12:30ean, Tabakaleran, Hiesaren aurkako borrokan lan egiten duten elkarteek komunikatua irakurriko dute. Elkarte horiek prebentzioa, detekzioa eta birusa duten pertsonen arreta lantzen dute. Baita gizartea sentsibilizatu ere, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza ziurtatzeko.
Ondoren, Udalaren Musika eta Dantza Eskolak dantza emanaldia eskainiko du, eta 90 dantzarik parte hartuko dute. Dantza klasikoko, garaikideko eta euskal dantzako koreografiak bilduko ditu, horietako batzuk beren-beregi horretarako sortutakoak. “Emanaldi honen helburua da adierazpen artistikoa GIBaren eta Hiesaren inguruko kontzientziazioarekin uztartzea, artearen bidez elkartasun eta itxaropen mezua sustatuz”, azaldu du udalak.
Horrez gain, udal ekipamenduetan, garraio publikoan eta udaletxean bertan lazo gorridun kartelak jarriko dituzte, Hiesaren aurkako borroka irudikatuz.
Hies kasuak EAEn
Osakidetzak 134 kasu atzeman zituen iaz EAEn, aurreko urtean baino zazpi gehiago eta 2020an baino %22 gehiago. 1997tik, Euskal Osasun Zerbitzuak 4.307 kasu atzeman ditu EAEn.