«Euskaldunak gara eta gure komunitatea ahaldundu nahi dugu»
Txomiñeneko Euskaltzaleen Elkartea sortu zuten maiatzean, auzoko zenbait bizilagunek. Orain arte, bi jarduera egin dituzte soilik, baina Josune Mayor eta Maitane Fernandez kideen hitzetan, pausoz pauso egingo dute aurrera, euskararen normalizazioan.
Euskarak auzoan galdutako presentzia indartzeko sortu duzue elkartea. Zein hutsune betetzen du elkarteak Txomiñenean?
Josune Mayor (J.M.): Eraikitzen diren auzo berrietara elkar ezagutzen ez duen jende asko etortzen da, eta elkar ezagutzen ez dugun horiek hizkuntzak batzen gaitu. Auzo hau guztiz euskalduna zen lehen, dena baserriak ziren. Baina, XX. mendean, aldaketa handiak egon ziren (militarrak, kartzela…) eta giro oso erdaldun bat sortu zen hemen, landa kutsu euskaldun hori eraldatu zuena. Horrek bultzatuta hasi genuen proiektua. Korrikaren egunean jarduera txiki bat egin genuen, eta harrera ona egin zigutenez, deialdi ireki bat egin genuen.
Auzoaren antzaldaketa aipatu duzue. Zein da, gaur egun, euskararen egoera auzoan?
Maitane Fernandez (M.F.): Badago euskaraz dakien baina gutxi erabiltzen duen jende asko. Duela aste batzuk, auzoan egindako festa batean, taldetxo bat euskaraz ari ginen, eta normalean gazteleraz hitz egiten entzuten dituzun horiek euskaraz hasi ziren, berehala. Hor konturatzen zara badakitela, baina, agian, pixka bat kostatzen zaiela askatzea.
J.M.: Bizilagun berriak eta lehenagoko bizilagunak gaude taldean, eta orain arte ez zuten ikusten horrelako zerbait aurrera ateratzeko modurik. Auzora berriak etorri garenok handitu dugu auzoko euskaldun multzoa, baina ez dakigu zein proportziotan. Nahiko genuke jendeak jakitea badaudela auzoan euskaraz egiten diren jarduerak, hemen ez dagoelako kasik dinamika soziokulturalik.
Behin Batean du izena elkarteak. Antzinakoari omenaldi polita.
M.F.: Lehenengo bileran erabaki genuen izena. Bilintxen Behin Batian Loiolan kantarengatik jarri genion, norbaitek esan zigulako abestiko Loiola hau dela, eta ez Azpeitikoa. Originala, etxekoa iruditu zitzaigun.
«Euskaldunok euskaraz hitz egiteko ditugun trabak azaleratu nahi ditugu»
Maitane Fernandez, Behin Batean euskara elkartea
Zeintzuk dira elkarteak aurre egin beharreko erronka nagusiak euskararen erabilera sustatzeko?
J.M.: Elkartea eratzea da nagusiena, eta elkarteko erronkak jartzea. Oraindik ez daukagu definituta, ez diogu formarik eman. Maiatzean hasi ginen eta bi jarduera egin ditugu soilik, orain arte.
Hilabetean behin egiten dugu bilera, eta badauzkagu gauza batzuk buruan, baina ez dugu jarduerarik egin nahi egiteagatik, helburu zehatz bat lortzeko jarduerak egin nahi ditugu.
Legalki, elkarte bat izateko prozesuan gaude oraindik; behar dugu gelditu eta pentsatu zeintzuk diren elkartearen lan ildoak eta urtebeteko plangintza bat egin, gutxi gorabehera.
Nola sustatzen duzue euskararen erabilera hiztun ez diren herritarren artean?
J.M.: Oraingoz, dakigun gauza bakarra da gu euskaldunak garela eta gure komunitatea ahaldundu nahi dugula. Gure gustuko gauzak egin nahi ditugu, dena ez da sakrifizioa eta ahalegina. Bizkarsoro filma proiektatu genuenean, euskaraz jarri genuen, eta komentatzen aritu ginen oso garrantzitsua izango litzatekeela erdaldunek film hori ikustea. Hasierako bileretan pentsatu genuen euskal kultura izan zitekeela erdaldunak erakartzeko modu bat. Txapa botatzea baino, ekintzen bidez erakartzea. Kulturarekin eta tradizioarekin eragitea.
«Dakigun gauza bakarra da gu euskaldunak garela eta gure komunitatea ahaldundu nahi dugula»
Josune Mayor, Behin Batean euskara elkartea
Zuen ustez, nolako eragina izango du elkarteak auzoan?
J.M.: Gure komunitatea ahalduntzen lagunduko du, gure artean elkar ezagutzen… haurrak dauzkan jendeak harremanak sortu ditzake parkean, baina haurrik ez dutenek zailagoa dute harreman horiek sortzeko. Komunitatea ere garrantzitsua iruditzen zaigu horretarako. Elkartea xumea da eta gure jarduerak oraingoz ere bai; pausoz pausoz joan behar dugu.
M.F.: Orain arte egin ditugun jardueretara jende dezente agertu da, Bizkarsoro ikustera, gehien bat. Astean zehar egin genituen jarduerak eta euri asko egin zuen, baina jendea etorri zen. Nahiko goian hasi ginen, harrerari dagokionez.
Zenbat kide zarete gaur egun elkartean? Nola batu daitezke beste herritarrak elkartean parte hartzera?
J.M.: 7-8 gara hilabetero biltzen garenak, baina konturatu gara badagoela inguruan eraztun bat, eta, jarduerak proposatzean, laguntza handia jasotzen dugu. 40 eta 60 urte bitarteko bizilagun batzuok osatzen dugu taldea. Auzoan ez dago jende gazte askorik; familiak daude, baina 20 eta 30 urte bitarteko jende gutxi dago. Euskararen egoerari dagokionez, estrategia aldetik, euskalgintzan pixka bat galduta gabiltzala iruditzen zaigu. Horri aurre egiteko edozein ideia duen edonor da ongietorria.
Finantzazioa nola lortzen duzue?
M.F.: Bilatu behar izan dugu. Alde batetik, Loiolako kultur etxeak lagundu digu antolatu genuen hitzaldia finantzatzen. Zinemaldi Alternatiboak, aldiz, filma proiektatzearen gastuak hartu zituen bere gain. Udalarekin, oraindik, ez dugu harremanik eduki.
J.M.: Ekintza bat egiten dugunero bilatu behar dugu finantzazioa, baina hori ere interesgarria da. Ez gaude inongo administraziori lotuta. Lanberri auzo elkarteak lokala uzten dugu, adibidez, bilerak egiteko. Bestalde, Euskara Patronatuak ematen dituen diru laguntzetara aurkezteko datorren urtera arte itxaron behar dugu, eta lan handia daukagu orain elkarteari forma ematen.
Bi jarduera antolatu dituzue orain arte. Euskararen Eguna dator laster; baduzue ideiarik martxan?
M.F.: Zerbait sinplea egin nahi genuen. Euskaldunok euskaraz hitz egiteko ditugun trabak azaleratu nahi ditugu, pairatu ditugun egoera zailak eta erasoak. Kartel batzuk egitea pentsatu dugu, sentsibilizaziorako.
J.M.: Ez genuen festarik edo ezer ludikorik egin nahi, eta aldarrikapen moduko bat izango da. Jendearen bizipen negatiboak jaso eta kartel batzuetan islatzea. Ez da jai egun bat, aldarrikapen egun bat da.
Aisialdi ekitaldiak antolatzeaz gain, ba al duzue beste eremuetan (hezkuntza, administrazioa, komertzioak) eragiteko asmorik?
J.M.: Euskararen Egunekoa auzoko komertzioarekin lotu nahi dugu, adibidez. Gehienen partetik nahiko jarrera irekia ikusi dugu, nahiz eta euskaldunak ez izan, baina badago baten bat soilik gazteleraz funtzionatzen duena eta horrekin badaukagu zer edo zer lantzeko. Hizkuntzan eragitea zaila da, hemen hizkuntza gunerik ez dagoelako; La Salle dago Loiolan eta ikastola Martutenen.
Hala ere, atera diren ideiek lotura handia dute kulturarekin; gure oinarria da, nolabait.
M.F.: Euskararen Egunean egingo dugunak, agian, emango digu jarraitzeko bultzadatxo hori. Beste ideia batzuk etor daitezke, beste alor batzuei lotuta. Denetara gaude irekita.
Donostia euskararen hiria dela esan ohi da sarritan, eta, hala baldin bada, egunero-egunero euskararen alde lan egiten duten euskaltzaleei esker da; klandestinitatean hizkuntza irakatsi eta ikasi zutenetatik, auzoz auzo euskararen aldeko egitasmoak antolatzen dituztenetara, oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko hautua egin dutenetatik pasatuta.
Hain zuzen ere, zabala da Donostiako euskaltzaleen sarea, eta horren erakusgarri dira urte osoan zehar modu aktiboan lan egiten duten auzoetako euskara batzordeak: Amara Berri, Altza, Aiete, Añorga, Antigua, Egia, Loiolako Erribera, Intxaurrondo, Gros, Parte Zaharra eta Martutene auzoetako batzordeak dira egun aktibo daudenak. Denek, noski, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza izaten dute euren jardunean. Aurten, gainera, euskara batzorde berri bat sortu da hirian: Behin Batean Txomiñeneko Euskaltzaleen Elkartea.
Horietako batzuk, Altzako Bizarrain eta Intxaurrondoko Plazara Goaz kasu, beteranoak dira, hogei urtetik gora baitaramatzate lanean. Beste batzuek ez daukate horren ibilbide luzea eta bakoitzak bere auzoaren errealitate soziolinguistikora egokituta egiten du lan, baina denek helburu bera dute: auzoetan eta hiri osoan euskararen erabilera sustatzea eta euskara normalizatzea.
Eskubide eta garaipen hainbat lortu ditu mugimendu euskaltzaleak urteotan, bai Donostian eta baita Euskal Herri osoan ere. Ordea, azkenaldiko oldarraldi judiziala agerian uzten ari da askoz errazagoa dela eskubideak galtzea eskuratzea baino. Horren aurrean, indarrak batzea eta euskararen alde antolatzea eta lanean jarraitzea da bide bakarra; auzoetan, hirian eta Euskal Herrian.