«Ezin gara epaitegien beldurrez egon»
Ate joka dugu Euskararen Eguna, eta, horren harira, udaleko Euskara Zerbitzuko zuzendari Edurne Otamendirekin elkartu gara. Abenduaren 3az, Euskaraldira begira egiten ari diren lanketaz, euskara planen xehetasunez eta euskararen egoeraz mintzatu gara berarekin.
Nola bizi duzue Euskararen Eguna Euskara Zerbitzutik?
Garai batean, ez zen gauza handirik egiten Euskararen Egunaren harira, baina, pixkanaka, gauzak antolatzen hasi ginen, eta jarduera indartsuak egin izan ditugu; urtearen arabera.
Aurten, urte lanpetu samarra eduki dugu: administrazioko plana onartu behar izan dugu, euskararen plan orokor berria lantzen hasiak gara, Euskaraldia ate joka dugu, eta abar. Euskararen Egunak horren guztiaren erdian harrapatu gaitu, eta, beraz, bizi dugu auzoetan euskararen alde lan egiten duten boluntario eta eragileak mugiarazteko. Motibazioa eta sentsibilizazioa indartzeko.
Eta, zuk nola bizi duzu Euskararen Eguna?
Normalean, jardueraren batean parte hartzen dut, urtearen eta eskaintzaren arabera. Hala ere, maila pertsonalean, topikoa badirudi ere, Euskararen Eguna urteko 365 egunetan da niretzat; eguneroko lanak balio du.
Nolako jarduera eskaintza izango dugu aurten hirian?
Alde batetik, Euskal Herri osoan, Gozaldia Eguna ospatuko dugu azaroaren 30ean. Euskaraldia udaberrian izango denez 2025ean, horren lehenengo mugarri gisa ikusten dugu Gozaldia. Euskaraldia, betiko legez, lotu nahi izan da Euskararen Egunarekin, eta horren festa giroarekin. Horrela, auzoetako euskara batzordeei lagundu diegu, urteroko legez, jarduerak antolatzen, baina bereziki fokua jarrita Gozaldian. Nolabait, herritarrei gogorarazteko Euskaraldiak data aldatu duela eta badatorrela.
Horrez gain, auzo gehienetan antolatu dituzte jarduerak, hainbat egunez. Balioan jarri behar dugu auzo askotan ditugula urte osoan zehar lan egiten duten euskara batzordeak eta beste hainbat auzotan Euskararen Egunaren bueltan antolatzen direla talde batzuk. Halaber, Gau Beltzeko jarduerak ere euskara batzordeek antolatzen dituzte auzo askotan; euskararen inguruko beste mugarri bat da, egun, Gau Beltza. Horrek guztiak erakusten du badagoela Donostian euskararen alde lan egiteko gogoa. Urte luzez euskararen alde egindako lanaren emaitza da. Azkenean, auzo elkarte beteranoak ditugu hirian, baina berriak ere ari dira sortzen.
Euskararen Egunaren atarian, ‘Bizkarsoro’ filma zinemetara iristea lortu duzue.
Euskararen Egunaren harira, egitarauez gain, egitasmoren bat gehiago antolatzen saiatu ohi gara. Alde batetik, euskarazko produktuen gida argitaratu ohi dugu, gurasoek jakin dezaten 12 urtetik beherakoentzat zer kultur eskaintza dagoen, Gabonetara eta Durangoko Azokara begira.
Bestetik, Bagera elkarteak lortu du SADEk Bizkarsoro proiektatzea Donostian. Horren harira, abenduaren 16tik 18ra, DBHko, zikloetako eta Batxilergoko ikasleentzako proiektatuko dugu filma Antzoki Zaharrean. Horretarako, unitate didaktiko bat ondu dugu, ikasleek aurretik klasean landu dezaten, filma ondo ulertzeko; euskararen egoeraren eta horren aldeko borrokaren bilakaera nolakoa izan den ulertzeko.
Euskaraldia aipatu duzu. Zer moduz doa antolaketa eta zer helbururekin zoazte Euskaraldira?
Data aldaketa erronka gisa ikusten dugu, kale harremanetarako aukera gehiago ematen dituelako udaberriak, eta horrek beste izaera bat eman diezaioke Euskaraldiari. Antolaketari dagokionez, Bagera elkartearekin batera gabiltza lanean buru-belarri, talde motor gisa, hasieratik egin dugun moduan. Ondoren, talde eragile bat sortuko dugu, bestelako eragileekin batera antolatzeko Euskaraldia. Erronkei dagokienez, kalera ateratzea da erronka nagusia, euskara eta Euskaraldia jai giroarekin eta gozamenarekin lotuz. Halaber, lehenengo urtean piztu zen ilusioa berreskuratzea ere erronka gisa ikusten dugu, gure ustez, Euskaraldiaren ariketa eta horren inguruan mugitzen den guztia oso aberasgarria delako.
Udal barruan euskara normalizatzeko zazpigarren plana onartu zen maiatzean. Nola funtzionatzen duzue udal barruan euskarari dagokionez?
Etorkizunera begira, nagusiki euskaraz arituko den erakunde gisa irudikatzen dugu udala, denekin eta testuinguru guztietan euskaraz lasai egin daitekeen eremu gisa eta hizkuntzaren normalizazio prozesuan erreferente izango den erakunde gisa. Zentzu horretan, lorpen batzuk baditugu: langileen %83ak gutxi gorabehera, bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuta dauka eta %6ak dagokiona baino bat gutxiago dauka egiaztatuta. Ulermena, beraz, esan dezakegu %90ean dagoela.
Aurrerapauso handiak eman ditugu zentzu horretan, eta, etorkizunera begira, euskarazko espazioak eskuratzen joan behar gara. Nagusiki euskaraz lan egiten duten espazioak dira horiek, euskarazko administrazio atalak deitzen diegunak. Egun, halako hamabost inguru ditugu udalean, eta irradiazio lan bat egiten dute beste departamentuen euskararen erabileran; euskararen gune babestutzat ditugu. Badakigu, hala ere, oraindik hutsuneak ditugula eskaintzen ditugun zerbitzu batzuetan, eta horiek betetzea da helburua.
«Etorkizunera begira, nagusiki euskaraz arituko den erakunde gisa irudikatzen dugu udala»
Euskararen plan orokorra ere lantzen hasiak zarete. Zer aurreratu daiteke?
Hamar urtera begira ari gara lan egiten. Oraingoan, ez da horrenbeste izango plan sektorial bat, baizik eta plan globalago bat, Jaurlaritzak onartu berri duen Aroa marko estrategikoari jarraiki. Zeharkakotasuna gehiago kontuan hartuko duen plan bat izango da. Betiere, askotariko eragileekin partaidetza prozesu bat garatuta osatuko dugu plana.
Erronken artean, gaitasun erlatiboa edo ezagutza maila ona edukitzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Orain arte, galdegin izan dugu dagoen ezagutza mailarekin nola egon daitekeen dagoen erabilera maila. Horren harira, Iñaki Iurrebasok egin duen tesian argi gelditu da erabilera indartsua izateko gaitasunak ona izan behar duela. Eta, gaitasuna ona da egun, baina hemen bi hizkuntza izaten jarraitzen dugu, eta, jende gehiena beste hizkuntzan hobeto moldatzen da, euskaran baino. Horri gehitzen badiogu gero eta etorri berri gehiago ditugula eskoletan, eta horientzako zein beste askorentzako eskola dela euskara erabiltzeko espazio bakarra, argi dago indartu behar ditugula euskararen ezagutza indartzeko egitasmoak eskoletan eta aisialdian. Zentzu horretan, lan handia egiten ari gara, hainbat arlotan, eta are gehiago egin beharko dugu aurrera begira.
Euskararen aurkako hainbat epai atera dira azken hilabeteotan, hizkuntza eskakizunei dagozkienak. Nola egiten diozue aurre horri?
Azken 35 urteotan, administrazioa joan da progresiboki betetzen legeek eta dekretuek eskatu diotena, gizartearen onespenarekin. Hasteko, langileak elebidunak izan daitezen urratsak egiten eta langile horiek euskaraz lan egiten jartzen; betiere, herritarren hizkuntza aukera bermatuz. 35 urteren ondoren, maila garrantzitsu batzuetara heldu gara; guk ulertzen dugu administrazio batek elebiduna izan behar badu, langile elebidunez osatuta egon beharko duela.
Orduan, orain iristen ari diren sententzia asko atera dira norbanako batzuen interesetatik eta egonkortze prozesuak ere eragin ditu. Baina, iruditzen zait ezin garela egon epaitegien beldurrez eta orain arte egin dugun bidea, proportzionala eta progresiboa egiten jarraitu behar dugula. Maila onean gaude eta ezin dugu atzerapausorik eman.