Gizona bere bakardadean
Filma: A WHOLE LIFE
Zuzendaria: Hans Steinbichler · Urtea: 2023 · Herrialdea: Austria-Alemania
Margolari inpresionisten herentzia zinema hizkuntzara ekarriz, gizakia eta natura harremanetan jarriko ditu pelikulak, paisaiaren handitasuna lehenetsiz, argiaren indarra aldarrikatuz eta protagonista bere egunerokotasunean irentsiz. Austria eta Alemania arteko goi mendi inguruetan girotua, lau urtaroen izaera ziklikoa izango da istorio honetako narratzailea, Andresek berak apenaz hitz egingo baitu. Bada, berriki Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Tasio (Montxo Armendariz, 1984) edo Akira Kurosawaren Dersu Uzala (1975) klasikoen zein Le otto montagne (Felix Van Groeningen eta Charlotte Vandermeersch, 2022) obra garaikidearen trazu eta balio humanista dakar Steinbichlerren lanak, lurrarekiko lotura, errespetua eta maitasuna baititu funtsean ardatz.
Osabaren eta haren familiaren babespean hezitako haurra denetik, gizarteak bizitako atzera bueltarik gabeko garapen bizkorrak erabat mende hartu arte, Andreas Eggerrek aurrera begiratuko du. Biziraun, berarentzat tokirik ez duen mundu honetan. Hamarkadaz hamarkada sufrimendua areagotzen joango da, baina bere horretan erakutsiko digu zinemagileak barne bidaia latz honetako antiheroia, bakarrik, isolatuta, baina erromantiko. Familiako ardi beltza da, eta aitaordeak mahaitik kanporatuko du, lehengusuek ohetik botako dute; taldetik kanpo, komunitatetik at egongo da beti. Umezurtza da, zamalanetarako mandoa, jipoien hartzailea, errena, alarguna… zoriontasuna ukatu zaion izaki tristea.
XX. mendearen erretratu sentikorra ondu du Steinbichlerrek, nolabait, Bernardo Bertoluccik Novecento (1976) monumentalean egin bezala. Italiarraren lanarekin loturak ehundu ditzake Ein Ganzes Leben / A Whole Life-k, nahiz eta bi ordutan kondentsatu dituen gertakariak. Filma labur gera dakiguke, kontatzeko dituenak zeintzuk diren jakinda —landa eremutik hirietara egindako migrazioak, faxismoaren itzala, industria teknologien agerpena, turismo masiboaren gaitza eta larrialdi klimatikoa—, baina erabilitako formula poetikoak ahalbidetzen du elipsiak eta denbora jauziak onestea. Protagonistaren isiltasuna irudien berezko poesiak eta soinu banda melankoliakoak beteko dute, kamera mugimendu zirkularrek, hurbilketa eta urruntze harmonikoek; gehiegizko edo neurriz kanpoko dramatizazioaren bekatu izan ordez, fabula itxura emango dioten erabaki formalak dira, eta erraztu egingo dute ikus-entzulearen bihotza harrapatzea. Emozioa zintzoki eragitea.