Ijenteako xarmak Paiportan jarrai dezan
Valentziako (Herrialde Katalanak) denboralearen harira, elkartasun keinu andana egin dituzte donostiarrek. Azkena, Ijentea Kafeko jabeena izan da: itxi berri duten kafetegiko material eta altzari guztiak bidaliko dute Paiportara, herriko hiru kafetegik probestu ditzaten.
Ijentea kaleko laugarren zenbakian anabasa da nagusi. Gustagarria den kaosa da, ordea. Batek bilatzen duen horietakoa. Ilusioak eta itxaropenak dena hankaz gora jarri eta energia bulkadak eragiten dituen tankerakoa. Bitxia da. Kanpoaldean, dena baita bare; ez bezerorik, ez turistarik, lokalaren pertsiana behin betiko jaitsi zenetik.
Kontraste horri Kanpandegi kaleko ate txiki batek soilik ematen dio bide. Pare bat eskailera jaitsi eta pasillo mehe baten ondotik, bi espazio ageri dira alde bietara. Inoiz sukalde izan den zantzuak ditu batek, egun etxetresna elektriko handi gehienak mugituta edo deskonektatuta dituen arren. Beste espazioan, berriz, kutxen dorreek eta pilatuta ageri diren altzariek bereganatzen dute begirada. Inork ez luke esango eremu hori kafetegi izan denik, sukaldetik datorren usainagatik ez balitz: «Croissantak ditugu hamaiketakorako», dio boluntarioetako batek, kutxak mugitzen ari dela. «Ijentea kafetegiko azken croissantak», zehaztu du aldamenekoak. Zaratak, usainak eta zalantzak uztartzen diren anabasa horretan, mugimenduak ez du etenik.
Ijentea Kafe kafetegiak azken hamar urteak eman ditu jardunean, baina duela aste batzuk ateak ixteko erabakia hartu zuten arduradunek. Amaia Urdampilleta eta Javi Remirez euren proiektuarekin jarraitzeko gogotsu zeuden, baina espazioaren jabeak lokala saldu nahi izan duela azaldu dute: «Guk 60 eta 63 urte ditugu, eta ez genuen geure burua ikusten erosketarako. Gainera, jabe handiek soilik ordaindu ditzaketen prezioak jartzen dituzte. Donostia asko aldatu da azken hamar urteotan».
Pertsiana jaitsi zutenean, kafetegiko altzari, material eta etxetresna elektrikoak saltzeko asmoa zuten. Orain hiru aste, ordea, iritziz aldatu zuten: «Valentziako denboraleak (Herrialde Katalanak) kaltetutako herrien egoera ikusita, hango ostalariei dena ematea erabaki genuen», azaldu du Urdampilletak.
Horretarako, bertan duen lehengusu batekin jarri zen harremanetan: «Gure asmoak azaldu genizkion, eta berak Siviarekin, Paiportako Arosa tabernako jabearekin, jarri gintuen harremanetan». Silviak, halaber, beste bi tabernen beharren berri eman zion Ijenteako bikoteari: «Bar Sandra eta La Mareta kafetegiarekin harremanetan jarri zen».
Kamioi eta furgoneta bana
Paiportako kaltetuekin hitz egin bitartean, engranaje osoa martxan jarri zen Donostian ere: «Marta Badiola izan zen lokala diseinatu zuen arkitektoa, eta berak zabaldu zituen Amaia eta Javiren asmoak sare sozialetatik», azaldu du Olatz Errazti Triku triatloi taldeko kideak. Hori ikusita, Trikuko talde batek eta ezagun batzuek boluntario taldea eratu zuten, materialaren bilketan eta garraioan laguntzeko: «Hamalau gara taldean, eta materiala biltzeaz gain, izapide eta baimenekin ere laguntza eskaintzen ari gara».
Kamioi eta furgoneta bana erabiliko dute Ijenteatik ateratako materiala garraiatzeko: «Sabaiko dekorazio gisa dauden kutxak izan ezik, eta horma bateko burdin luze bat kenduta, den-dena bidaliko dugu», azaldu du Erraztik. Den-dena biltzen duen zerrenda luze horretan, terrazarako zein barrualderako mahaiak, aulkiak, mostradoreak, harraskak, oratzaileak eta apalategiak dituzte, besteak beste. «Polita da ikustea gure ibilbidearen parte garrantzitsu izan den hori, lagungarria izango dela beste batzuenean ere», azaldu du Urdampilletak, nabarmen hunkituta.
Bilketa prozesua hasita, materialaren lekualdaketa izango da hurrengo erronka. «Kamioia Valentziatik ekarriko dute, hango kafetegi bateko senidea delako kamioilaria, baina gure aldetik ere jarri beharko dugu alokatutako furgonetaren eta lekualdaketaren gastuei aurre egiteko». Ekarpenak jasotzeko, 604-15 76 58 Bizum telefono zenbakia jarri dute eskuragarri: «Euro bateko edo bi euroko ekarpenak eskatzen ari gara, Ijentea Kafea-Paiporta Elkartasun proiektua kontzeptuarekin, horrekin gastuei aurre egingo genielako».
Ondo bidean, eta Parte Zaharrean ibilgailuak sartzeko baimenak jasotzen badituzte, abenduaren 6an abiatuko dira Paiportara. Ibilgailu handiez gain, beste bi auto irtengo dira Donostiatik boluntarioekin, pare bat egun beharko baitituzte desmuntatze lanetan laguntzeko.
Esku bete laguntza
Hilabete bete da gaur denborale larriak Valentziako ingurua astindu zuenetik. Denbora horretan, milaka boluntario aritu dira lanean, eta hirietatik tonaka produktu bidali dituzte furgoneta eta kamioietan. Ijenteako lokalean kutxak betetzen ari dela, halako furgoneta batean irten zela azaldu du Cristina Moreira boluntarioak.
Duela bi aste gertutik ezagutu zuen Paiportako egoera. Ezagutu zuen, halaber, elkartasun uholdeak erabateko kaosa sor dezakeela: «Imajina ezazu 10.000 objekturentzako espazioa duzula, baina 10.000 beharrean, 100.000 jasotzen dituzula. Logistikak ez du ematen. Ez da ez dituztela zure gauzak nahi, jasanezina dela, baizik».
Gaineratu duenez, biztanleriak aurrera begiratu nahi du, eta horretarako egun materiala biltegi gisa erabiltzen diren azpiegitura asko behar dituzte: «Eskolak eta kiroldegiak materialez lepo daude, eta egunerokotasuna berreskuratu nahi dute».
Bisitatik zapore gazi-gozoarekin atera zenez, orain asko zaintzen du nora eta nola bideratu laguntza hori: «Hau desberdina da. Ijenteako materialaren kasuan, badakigu nor ari garen laguntzen». Moreiraren aburuz, garrantzitsuagoa da pertsona edo negozio jakin bat laguntzea, dena hartu eta desordena sustatzea baino.