IRUTXULOKO HITZAk kontuak ireki ditu Mastodonen eta Blueskyn, eta X-koa mantenduko du
Sare sozialen inguruko hausnarketa etengabearen barruan, zenbait erabaki hartu ditu IRUTXULOKO HITZAk: Mastodonera eta Blueskyra saltoa ematea eta Whatsappeko kanala ixtea.
Sare sozialen eta horien atzean dagoenaren inguruko eztabaida ez da berria, baina X sarearen ingurukoa [lehen, Twitter] areagotu egin da azken asteotan, Elon Musk jabeak ematen dion erabilera eta Donald Trump AEBetako presidente hautatu berriarekin duen harreman estua dela eta. Hain zuzen ere, erabiltzaile ugarik eta hainbat hedabidek sare sozial hori uztea erabaki dute, antzekoak diren Mastodon eta Blueskyra joateko.
Erabaki hori hartzen lehenengoetarikoak izan ziren, The Guardian, Vanguardia eta Sud Ouest, besteak beste. Euskal Herriko hedabideen artean, Goienak pauso bera eman zuen duela bi aste inguru. Bestalde, X-n jarraitzeko beharra ere ikusi dute hedabide askok; Berria egunkariak, esaterako, Mastodon eta Bluesky sare sozialetan kontuak irekitzea erabaki du, X-koari eustearekin batera.
IRUTXULOKO HITZA, hedabide gehien-gehienak bezala, sare sozialetan betetzen duen paperaren inguruko hausnarketa etengabean murgilduta dago, eta auzi honi buruz ere hausnartu du lantaldeak. Hain zuzen ere, Donostiako euskal komunitatearen zati handi batek X-n jarraitzen duela ikusita, momentuz behintzat, sare sozial horretako kontua erabiltzen jarraitzea erabaki du, Mastodon eta Bluesky erabiltzen hastearekin batera. Izan ere, bere komunitatea dagoen tokian egon behar du IRUTXULOKO HITZAk. Hala ere, sare sozialen inguruan hausnartzen jarraituko du lantaldeak, eta X-ko kontua ixteko ideia ezin da baztertu, ezta beste sare sozialen inguruko erabakiak hartzea ere.
Horrekin batera, Whatsappeko kanala ixtea erabaki du lantaldea, Telegramen funtzio eta erabilera bera ematen diogulako.
Horrela, astelehenetik aurrera (abenduak 2), irakurleek sare sozial hauetan aurkituko dute IRUTXULOKO HITZA: Mastodonen, Blueskyn, X-n, Instagramen, Facebooken, Telegramen, Youtuben eta Linkedinen. Horrez gain, buletinak eta bestelako komunikazio bideak ere baditu hedabide honek.
Sare sozial horiek guztiak eguneratzeak, webgunearekin eta astekariarekin batera, lan handia ematen dute. Aldiz, sare gehienetako algoritmoek ez dituzte kazetaritza edukiak batere saritzen, are gutxiago euskarazkoak.
Hala ere, sare sozialak beharrezkoak dira IRUTXULOKO HITZArentzat, baina, bereziki, irakurleak dira beharrezkoak. Webgunean eta astekarian edukiak irakurriko dituztenak eta HITZAkide egingo direnak, proiektua diruz babesteko. IRUTXULOKO HITZAk egiten duen lana egiten jarraitzeko eta bizirauteko modu bakarra da hori. Babestu IRUTXULOKO HITZA!